Handi-handienak prest dituzte Kilimon Trail mendi lasterketaren antolatzaileek. Hala aitortu du Ander Zulaika lasterketako zuzendariak. Hala ere, detaile asko dira zaindu beharrekoak, eta esan gabe doa gogorrak ari zaizkiela egiten azken egunak. Hamalaugarren ekitaldia izango dute aurtengoa, eta aspaldi bete ziren izen-emateak. Hala ere, zapatuan bertan Realak Sevillako La Cartuja estadioan jokatzekoa duen Espainiako Errege Kopako finalak eragina izan du Kilimon Trail lasterketan ere. "Izena emandakoen artean baja dezente izan ditugu eta aldaketa horiek guztiak kudeatzen ibili gara Reala finalerako sailkatu zen egunetik bertatik. Etorriko ez direnei baja eman eta itxaron zerrendan geneuzkanak sartu ditugu haien lekuan, eta hala ere, jendea kanpoan laga behar izan dugu. Egunean bertan lanerako izaten diren boluntarioetan ere eragin du finalak. Nolanahi ere, mendaroarrek bikain erantzun dute aurten ere, eta zorionez lotu xamar dugu boluntarioen kontua. Horregatik eskerrak eman nahiko nizkieke hemendik zapatuan laguntzeko prest agertu diren guztiei. Herri txikia da gurea, 2.000 biztanlekoa, baina gure onena emango dugu zapatuan korrika egitera etortzekoak diren 500 lagunak eta haien ingurukoak gozo hartzeko".
Bi proba jokatuko dira: motza, 11 kilometrokoa, eta luzea, 23 kilometrokoa, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilbideetan ez da aparteko aldaketarik izango. Ibilbide luzekoan, asfaltoan egin ohi ziren 400 bat metro kenduko dituzte, mendi bidez egiteko, baina horixe, gehiagorik ez. Motzean, bi anoa postu izango dituzte korrikalariek, eta luzekoan, sei.
Zuzenean emango dute lasterketa
Bada beste nobedade bat ere aurten. Izan ere, aurreratu dutenez lasterketa Internetez zuzenean emateko saiakera egingo dute aurten, estreinakoz. Youtuben sortu duten kanalean emango dituzte bost-sei puntutako irudiak, zuzenean. "Guretzat gauza berria da hau, eta erreparo pixkat ematen du iragartzeak berak ere, teknologiak gutxien espero dugunean huts egiten duelako sarri, baina baditugu inguruan bi informatikari lagun saiatuko direnak hori zaintzen. Proba egingo dugu aurten, eta baloratuko dugu hurrengo baterako".
16:00etan hasiko da lasterketa, Herriko Enparantzatik. Lehenengo motzekoak irtengo dira, eta ondoren, bost minutu geroago, luzekoak.