500 bat korrikalari hartuko ditu bihar Mendaroko Kilimon Trail mendi lasterketak

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 17a

Bi proba jokatuko dira, motza, 11 kilometrokoa, eta luzea, 23 kilometrokoa, eta izena emandako korrikalarien artean guztira 202 debabarrendar daude; tartean, Mendaroko bertako 34

Kilimon Trail mendi lasterketa jokatuko dute bihar, hilak 18, Mendaron. Hamalaugarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta, aurrekoetan moduan, bi proba izango dira aukeran: motza, 11 kilometrokoa, eta luzea, 23 kilometrokoa. 16:00etan abiatuko dira korrikalariak Herriko Enparantzatik. Lasterketa motzekoak irtengo dira aurrena, eta bost minutu geroago abiatuko dira luzekoak. Guztira, 494 bat korrikalari daude izena emanda: gizonezkoak izango dira parte-hartzaileen %84 eta emakumezkoak, %16. Izena emandakoen artean 202 debabarrendar daude aurten; herrikoak bertakoak, 34.

Mendaroko Txirrindulari Elkarteak eta Lizarpe Mendi Klubak antolatzen dute lasterketa, Udalaren eta beste babesle askoren laguntzarekin, eta urtetik urtera sona handia hartzen ari da. Aurten, Euskal Koparako proba puntuagarria izango da Kilimon Trail mendi lasterketa, eta kadete eta junior mailetan, Euskal Herriko Txapelketa –gazteen mailan 36 lagun daude guztira izena emanda: 24 mutil eta 12 neska–. Mendiko lasterketen egutegi betean lekua egina du Kilimon Trailek, eta pozik daude antolatzaileak parte-hartzearekin. "Herriko lasterketa da gurea, herri oso baten laguntzarekin antolatzen duguna, eta parte-hartzaileen artean gero eta mendaroar gehiago ikusteak pozten nau ni bereziki. Horrek eta emakumeen parte-hartzeak ere gora egiten jarraitzen duela ikusteak. Horixe sustatu nahi izan dugu beti, eta, emaitzetan oraindik ere arrakala handia dagoen arren, bide onetik goazela esango nuke. Inoizko mendaroar gehien izan ditugu aurten izena emandakoen zerrendan, nahiz eta horietako batzuk baja izan diren azkenean, Realak Sevillan jokatuko duen finala ikustera joatekoak baitira", adierazi du Ander Zulaikak, Kilimon Trail lasterketaren zuzendari eta koordinatzaileak. Izena emandakoen zerrendan 34 dira mendaroarrak: lau lasterketa luzean eta 30 motzean. Aurten, Maite Maiora faltako da irteeran, herriko txapelduna, Pertsiako Golkoan jokatu zuen Himan trail mendi lasterketan min hartu eta ebakuntzatik errekuperatzen baitago oraindik –bi ekitalditan falta izan da, bietan lesioengatik–. Baina izena emandakoen artean badira Kilimon Trail lasterketaren ekitaldi guztietan parte hartu izan duten bi lagun: Igon Manzisidor debarra eta Borja Rodriguez mendaroarra. 

Espainiako Errege Koparen eragina

"Reala Espainiako Errege Kopako finalerako sailkatzeak kalte egin digu guri. Tira, kalte ez, gu geu ere realzaleak garelako eta poztu egin ginelako asko sailkatu zenean, baina biharamunean bertan zortzi baja geneuzkan goizeko zortzietarako. Gerora jausi dira beste batzuk ere, eta itxarote-zerrendan genituenak sartu ditugu haien lekuan. Egunean bertan lanerako izaten ditugun boluntarioei dagokienez ere igarri dugu eragina. Egun historikoa da biharkoa futbolzale askorentzat, eta, normala denez, Sevillan egon nahi izan dute urtero-urtero gure ondoan izan diren beste zenbaitek ere. Goza dezatela eta datozela koparekin etxera, poztuko gara eta! Eta egongo diren guztiei, aldez aurretik, mila esker. Dena eta bi tokatu da aurten egun berean. Mendaron bertan, txirrindulari gazteen lasterketa ere jokatzekoa da, industrialdean, eta estimatzekoa da boluntarioek gurekiko agertu duten prestasuna", esan du horren harira Zulaikak. Izango dute, seguru, elkarren berri Sevillan direnek eta etxean gelditu direnek. Izan ere, aurten, estreinakoz, zuzenean ematekoa dute lasterketa, Youtuben (youtube.com/@kilimontrail). "Proba egingo dugu. Estreinako aldia da, guretzat dena da berria, baina baditugu bi informatikari lagun gertuan, eta saiatuko dira".

Ibilbide luzean aldaketa bat

Lasterketen ibilbideari dagokionez, aldaketa txiki bat egingo dute aurten, asfaltoan egiten den zati bat kentzeko. Ibilbideko zazpigarren kilometro inguruan mendi-bidea utzi eta asfaltoan egiten zuten zati bat, 400 metro inguru, mendian egingo dute. Gainerakoan, ez da aldaketarik izango. Lasterketa luzean 1.500 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute korrikalariek 23 kilometrokoan, eta 17,5. kilometroan 200 bat metroko kronoigoera jokatuko dute Gaintxipia mendira. Bidean, sei anoa-postu izango dituzte luzekoek, helmugakoaz gain: Barrenkortan, Madariagan, Muutxubarrenen, Otarren, Lizarpen eta Garizurieta baserriko txabola parean. Motzekoek, berriz, bi izango dituzte, luzeko azken biak.

Izena emandako debabarrendar kopurua, herriz herri

  • Eibar: 28 gizon eta 7 emakume
  • Ermua: 19 gizon eta emakume 1
  • Elgoibar: 34 gizon eta zortzi emakume
  • Soraluze: 8 gizon eta 2 emakume
  • Deba: 37 gizon eta 5 emakume
  • Mutriku: 6 gizon
  • Mendaro: 32 gizon eta 2 emakume
  • Mallabia: 0 parte-hartzaile