Debabarrenean ere Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak jasoko dituzte

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 21a

EHKS, IAS eta Euskadi-Cuba elkarteko kideak ekimena aurkezteko eginiko agerraldian. Argazkia: EHKS

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) abiatu dute kanpaina, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. 

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketa bat antolatu du, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Azaldu dutenez, hilaren 13tik 24ra Euskal Herriko ehun hezkuntza zentrotan baino gehiagotan egingo ditu bilketak IASek, eta larunbatean (apirilak 25) bilketa handia egingo du EHKSk Euskal Herri osoko 93 herri eta auzotan, tartean, Debabarreneko hainbat herritan. Honakoetan:

  • Deba: 10:00etatik 14:00etara, Foruen plazan. Aste osoan, gainera, bilketa puntu berezia egongo da Eroski eta Lizaso supermerkatuetan. 
  • Eibar: 10:00etatik 14:00etara, Toribio Etxeberria kalean.
  • Ermua: 10:00etatik 14:00etara, Kardenal Orbe plazan.
  • Mutriku: 12:00etatik 14:00etan, Beheko plazan. Gainera, materiala aldez aurretik uzteko aukera egongo da Mutrikuko institutuan, ostiralera (apirilak 24) arte. 

Hiru eragileek nabarmendu dute "oso larria" dela egun Kubaren egoera: "Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza". Zentzu horretan, bilketaren sustatzaileek salatu dute Kubak hamarkadak daramatzala AEBren blokeoa sufritzen. Azpimarratu dutenez, egoera hori "iraultzaz geroztik" AEBk Kubaren aurka izan duten politika isolazionista eta kriminalen ondorioa da, eta kanpaina abiatu dutenen hitzetan, gaur egun egoerak okerrera egin du, Donald Trumpek blokeoa "biziagotu" egin duelako, "baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere". 

Zer bildu nahi dute?

Egoera larri horri aurre egiteko, kanpaina hastea erabaki dute hiru elkarteek elkarlanean. Zehaztu dutenez, honako materiala bilduko dute: material sanitarioa, higiene materiala, garbitzeko materiala, elikadura-osagarriak zein elikagai ez galkorrak, kirol materiala eta ikas materiala.

  • Material sanitarioa. 2027ko ekainetik aurrera iraungiko liratekeen medikamentuak, eta mota guztietako produktu sanitario zein tresna medikoak jasoko dituzte, besteak beste, tresneria eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera, hariak), eskularruak eta preserbatiboak.
  • Elikadura-osagarriak: bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina, kaltzioa), gantz-azidoak (Omega3) eta probiotikoak.
  • Elikagai ez galkorrak: enlatatutako jakiak (ahal dela, mailatu gabeko metala) eta bestelakoak behar dituztela aurreratu dute: pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; betiere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko direnak.
  • Higiene materiala: konpresak, tanpoiak, toallatxoak eta pixoihalak (haurrentzat zein helduentzat) eskatu dituzte.
  • Kirol materiala: baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, futbol botak…).
  • Ikasmateriala: arkatzak, boligrafoak, koloretako pinturak eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak… Ez, ordea, testu-libururik eta entziklopediarik.
  • Garbitzeko materiala: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoien garbitzaileak eta abar.

Horrez gain, plaka fotovoltaikoetarako diru bilketan ekarpena egiteko aukera ere izango da. Horretarako kontu korronte zenbakia jarri du eskuragarri Euskadi-Cubak (ES35 3035 0134 43 1430059271 — Laboral Kutxa), baina EHKSren bilketa postuetan ere egongo da diruz ekarpena egiteko aukera.