46 kilometroko bide-zorua birgaituko du Aldundiak, 16,6 Debabarrenean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 16a

Gipuzkoako Foru Aldundiak 46 kilometroko bide-zorua birgaituko du gaitasun handiko sarean, segurtasuna bermatzeko. Debabarrenean daude berritu asmo dituzten errepide zati batzuk, 16,6 kilometro guztira.

Aldundiak Bidegiren bitartez berrituko ditu lurraldeko hainbat errepide zati, zehazki AP-8, AP-636, AP-1 eta GI-20 errepideetako zoruak dira berrituko dituztenak. Guztira 14,9 milioi euro bideratuko dituzte 46 kilometroko zorua birgaitzeko. 

Lanak bi epetan egingo dituzte: 2026an, 21 kilometro ingurutan esku hartuko dute, hamahiru zatitan banatuta; eta 2027an, beste 25 kilometro berrituko dituzte; guztira 46 kilometro.

Debabarrena eskualdean aurten berrituko dituzten errepide zatiei dagokionez, AP-8 autobidean, Bilborako noranzkoan, 3,2 kilometroko errepide zatia konponduko dute Mendaro, Elgoibar eta Eibar herrien artean, eta Behobiarako noranzkoan, 2,4 kilometroko zatia Elgoibar parean eta 4,3 kilometrokoa Deba parean.
Horiez gain, lurraldean honako errepideak konponduko dituzte aurten: AP-636an, Bergarako noranzkoan, 1,5 kilometro konponduko dira Ormaiztegi eta Ezkio-Itsaso artean; eta beste 925 metro Bergaran. Eta Beasainerako noranzkoan, 1,6 kilometroko zati bat Zumarragan, eta 1,5 kilometroko tarte bat AP-1ean, hiru zati berrituko dira Eibar noranzkoan: 2,8 kilometro Arrasaten, eta 1,9 kilometroko bi zati eta kilometro 1 Bergaran. GI-20 errepidean, gainera, Errenteria eta Pasaia arteko 800 metroko zatia konponduko da, bi noranzkoetan.

2027an 25 kilometro konponduko dituzte, 6,1 Debabarrenean

Era berean, 2027an beste 25 kilometrotan birgaitze lanak egitea aurreikusten dute, horietatik 6,1 kilometro Debabarrenean, AP-8 autobidean: Bilborako noranzkoan 4,5 kilometroko zatia hobetuko dute Zumaia eta Deba artean, eta kilometro bat Mendaron. Behobiarako noranzkoan, berriz, 660 metro berrituko dituzte Deban. Aurrekoez gainera, 1,1 kilometroko zati bat hobetuko dute Zarautzen (Bilborako noranzkoan) eta 3,9 kilometro Getaria eta Zarautz artean (Behobiarako noranzkoan).

AP-1 autobidean, Eibarko noranzkoan, bi zati berrituko dituzte: 2 kilometro Eskoriatza eta Aretxabaleta artean, eta 2,1 kilometro Arrasate eta Oñati artean. Gasteizerako noranzkoan, beste bi zatiren zorua hobetuko dute: 2,1 kilometro Arrasate eta Aretxabaleta artean, eta 2 kilometro Aretxabaleta eta Eskoriatza artean.