Guazen Reala!

Batzuk ailegatu dira, beste batzuk eragozpen guztien gainetik… aurrera!

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 17a

Debabarrendar batzuk ailegatu dira Sevillara, tartean, soraluzetarrak eta eibartarrak; maletak laga eta anbiente bila abiatu dira, eta topatu bitartean, turismo apur bat egiten ari dira. Sevillan dira, baita ere, Mikel eta Amets Alberdi eta Aitor eta Hiart Prieto aita-alabak. Beste batzuk, berriz, kotxearekin “abentura” izan dute Caceres aurretik, eta, hortxe aprobetxatu dute Plasencian plazentziatarren “agurra” laga eta auto berriarekin segitzeko Sevillarako bidea. Jabi-eta eibartar kuadrila, berriz, bidean dira, lagunetako bi sarrera barik, baina animoso-animoso. Argazkiak: Letu, Jabi, Jondar eta Amets.

Ari da Sevilla realzale debabarrendarrez betetzen. Bertan dira eguerditik soraluzetarrak: Mikel Letu, Aitor Oregi, Jon Lasku, Iñigo Cano eta Ivan Ayora. Maletak laga, dotore, Realeko jantzi eta Sevillako monumentuak “alegratzen” dabiltza, anbientea agertu bitartean. Kontatu dutenez, “jendea dabil animatzen pila bat” eta argi laga nahi dute Aitorri ez zaiola “Cruzcampoa gustatu” eta ezta Ivan Ayorari ere, eta "rebujitora" pasatu direla; baina barkatu egiten diote Ayorari, "oso argazkilari ona" delako. 

Aita-alabak

Mikel eta Amets Alberdi eta Aitor eta Hiart Prieto aita-alabak ere ailegatu dira Sevillara. Atzo arratsaldean abiatu ziren furgonetarekin. Orain, Sevillan, Triana aldera joateko asmoarekin zebiltzan eta bidean elgoibartar lagun batzuekin egin dute topo. Diotenez, furgonetako parkinean denak dira Realekoak eta kalean ere jende asko ikusten da Realeko kamisetekin.

Autoak "basta" esan

Abentura eta guzti dabiltza, berriz, Oier Larreategi, Aimar Bengoa eta Jondar Plata. 07:04an irten dira Soraluzetik, baina, Caceresera ailegatu aurretik “autoak basta” esan die. Auto berria laga diete Caceresen, eta, noski, han egonda… Plasencia atera dute erretratuan, zelan ez. Eta umorerik ez zaiela falta erakusteko, lehenago, El Ventorro “entzutetsua” ere bisitatu dute hiru lagunek.

Jabi eta eibartarrak

Bestalde, horrenbeste urtean Soraluzen bizi den Jabi Hernandez eibartarrak hango lagunekin doala bidali du erretratua. Juankar, Gorka, Ganix eta Jabi bera dira kotxekoak, “baina bakarrik ni naiz Plaentxiakoa, eh?!”, dio berak. Argazkirako, gainera, finalaren bueltan Jabik eta Nuriak ateratako Realaren belarritakoak jantzi dituzte. Kontatu dutenez, guztira, sei lagun elkartuko dira Sevillan, horietatik 4k badute sarrera eta beste 2k, ez.