"Euskaraz bizitzeko behar den dena" aldarrikatuko dute Kontseiluak ekainaren 13rako deitu duen Euskaltzaleon martxan

Ainara Argoitia Arano 2026ko apirilaren 28a

Euskaraz bizitzeko behar den dena goiburua izango du Kontseiluak deituta ekainaren 13an Iruñean egingo duten Euskaltzaleon martxak. Egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta sortzea ditu helburu mobilizazioak, eta arratsaldez egingo dute, 17:00etan hasita.

Ez ditu euskarak garai gozoak bizi; ezta euskaldunok ere. Hala ondorioztatu zuten Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten dozenaka gizarte eragilek Baionan joan zen ostiralean egin zuten batzarrean. Azken hamarkadetan "berreskurapen ziklo bat" gertatu dela uste arren, euskararen etorkizunaz kezkatzeko arrazoiak egon badaudela uste dute, ikerketa ezberdinen ondorioei erreparatuta. Euskararen biziberritzearen kontrako oldarraldi antolatu baten zantzuak ere ageri-agerikoak direla diote eta horren guztiaren kontra indarrak batzera deitu dute, uste baitute aurrerapausoak lortzeko, babes instituzionala ez ezik indar sozial antolatu bat eta herritarren inplikazioa ere behar-beharrezko direla." Euskaltzaletasunaren giharra" indartu beharra ikusten dute, motzean esanda, eta testuinguru horretan kokatu dute ekainaren 13ko mobilizazioa. Haien esanetan, helburua honako hau da: "Egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta izatea". Mezu horixe zabaldu zuten abenduan Bilbon egindako Pizkundea ekitaldian ere, eta beste pauso bat eman nahi dute orain. 

Hiru zutabe

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru puntu ezberdinetan batuko dituzte herritarrak 17:00etan, eta hiru zutabe osatuko dituzte gero, Gazteluko Plazan elkartzeko denak azkenean. Zutabe bakoitzak Pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: ofizialtasun osoa Euskal Herriko lurralde guztietarako; jauzia hizkuntza politiketan, "euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde"; eta euskaltzaletasuna edo euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia. 

Kontseiluak bere webgunean zintzilikatu du mobilizazioaren zabalkundea egiteko material guztia.