Joan den larunbatean, apirilaren 25ean, Mutrikuko Emakumezkoen Binakako III. Pala Txapelketa jokatu zuten Egaña frontoian. Lehen mailan, Iratxe Astigarraga debarrak eta Yoli Mateos elgoibartarrak bereganatu zuten txapela. Bigarren mailan, berriz, Idoia Arrillaga mutrikuarra eta Ainhoa Ibaibarriaga ondarrutarra izan ziren nagusi.
Lehen mailako finalari dagokionez, Astigarragak eta Mateosek 22-12ko emaitzaz menderatu zituzten Maite Barruetabeña eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrak. Ligan egindako ibilbide ezin hobeari esker iritsi ziren finalera; aurreko partida guztiak irabazita iritsita azken hitzordura. Eta finalean ere sendotasun hori berretsi zuten, huts gutxi eginez eta jokoan nagusitasuna erakutsiz.
Konstantzia
Irabazleek maila bikaina erakutsi dute hasieratik amaierara, eta aurkariek ere lan ona egin arren, ezin izan zioten Astigarraga eta Mateosen erritmoari eutsi une erabakigarrietan. Debarrak eta elgoibartarrak hasieratik hartu zuten norgehiagokaren kontrola, eta markagailuan beti aurrea hartuta ibili ziren.
Lehen zatian alde txikia mantendu arren —hiruzpalau tantoko aldeari eutsi zioten—, jokoan sendo mantendu ziren, eta aurkarien akatsak baliatuta tartea handitzen joan ziren. Astigarragak azaldu duenez, bigarren zatian nabarmen egin zuten markagailuan aurrera: “Hamalaugarren tantoaren bueltan ihes egin genuen”.
Aurkariak egoerari bueltan ematen saiatu baziren ere, irabazleek oso sendo jardun zuten kantxan. Debarrak erantsi duenez, une horietan gakoa egonkortasuna izan zen. “Erritmoari eutsi genion eta akats gutxi egin genituen”. Horri esker, neurketa irabaztea lortu zuten.
Mateosentzat ez da Mutrikun lortutako lehen garaipena, 2020an estreinakoz egin zen lehen edizioan ere txapela jantzi baitzuen. Astigarragarentzat, ordea, Mutrikun txapela lortzen duen lehen aldia izan da. Biak ala biak pozik agertu dira lorpenarekin.