Elgoibarko Erbuze erraldoien konpartsarekin batera, Iruñeko Alde Zaharra konpartsak eta Bergarako eta Mutrikuko erraldoiek hartuko dute parte Elgoibarko Erraldoien Topaketan. Hortaz, Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izango da aurtengo berritasun nagusia, beste biak iaz ere etorri baitziren.
Erraldoien erakusketarekin hasiko dute topaketa, 17:00etan, Kalegoen plazan. Gero, 17:30etik aurrera, kalejira hasiko dute herriko kaleetan barrena. Euria eginez gero, Sigmako aparkaleku estalian egingo dute topaketa, iaz egin zuten moduan.
Mutrikuko erraldoien konpartsa
Euskal mitologiarekin lotutako pertsonaiek osatzen dute Mutrikuko erraldoien taldea: Sorgina, Ortzi, Mari, eta Akerbeltz erraldoiek eta lau Galtzagorriek (Alper, Oker, Txotxolo eta Txoro). Mutrikuko Udalak eskatuta sortu zituen Xiri Andonegi artistak, duela 23 urte. 2003an irten ziren estreinakoz jendaurrera, Malen Txiki Egunean. Konpartsari buruzko informazio osoagoa erraldoiakmutriku
Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsa
Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa 2001ean sortu zuten irabazi asmorik gabeko Gazte eta Kultura Elkartea da. Gaur egun, konpartsa erraldoi-eramaileek, kiliki-eramaileek eta musikariek osatzen dute. Lau metro pasako lau erraldoik osatzen dute taldea, eta pertsonaiek lau elementu irudikatzen dituzte: Lurra, Sua, Ura eta Airea. Erraldoiekin batera, lau kiliki ere badituzte: Napoleon, Payaso, Pamplonica eta Demonio. Azken bi urteetan hartu dute parte Elgoibarko Topaketan.
Bergarako Erraldoi eta Kilikien Konpartsa
2000. urtean Bergaran sortutako taldea da. Lau erraldoirekin hasi zuten ibilbidea, eta gaur egun sei erraldoi handi, zortzi txiki, bi ertain, bi ipotx, sei buruhandi eta lau kiliki dituzte. Ehun bazkidetik gora ditu taldeak. Azkenaldian sarritan etorri dira Elgoibarrera eta hiru alditan parte hartu dute Elgoibarko Topaketan; azkenekoz, iaz.
