Geoparkeak ebaluazio misioa jasoko du, Unescoren Munduko Geoparke izendapenari eusteko

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 5a

Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Maiatzaren 10etik 13ra, Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzailek Euskal Kostaldeko Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta bilakaera aztertuko dute.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere ibilbideko laugarren errebalida prozesuari aurre egingo dio datozen egunotan. Datorren igandean hasi eta lau egunez, Unescoren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion ala ez erabakiko duen txostena egingo duten ebaluatzaileen bisita jasoko du Geoparkeak. Txartel berdea (Green Card deritzona) jokoan dago eta dena prest daukate Deban, Mutrikun eta Zumaian erronka gainditzeko bidean.

Azaldu dutenez, Emmaline Rosado-González mexikarra eta Alexandru Andrasanu errumaniarra izango dira ebaluatzaileak. Eta haien bisitaren helburua argia da: Geoparkearen azken lau urteotako aurrerapausoen azterketa sakona egitea, Unescoren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso Astigarragaren hitzetan, "Geoparkeak lau urtetan lan handia burutu du, prest gaude azterketarako; proiektu sendoa eta arrakastatsua aurkituko dute ebaluatzaileek".

Geoparkeko lurraldeko geologia, natura, ekonomia eta gizarte-ondarea babesteko eta balioesteko egin den lan kolektiboa egiaztatze aldera, ebaluatzaileak tokiko erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira eta Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte datozen egunotan.

Lau urtean behin

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Unescoren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. Sarean dauden kide guztiek errebalida prozesua gainditu behar izaten dute, lau urtean behin, irizpide egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko. Alegia, lau urterako izendapena izaten da eta, epe hori igarota, berriro aztertzen da Geoparkearen jarduna, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen gizarteratze eta kontserbazioari dagokionean.

Ohi bezala, azterketaren emaitzaren berri udazkenean emango dute.