Pello Rubio da dokumentaleko eta izen bereko liburuko protagonista nagusia, eta haren hitzetan oinarritzen da lana.
2005-2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, 1999. urtetik aurrera egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Rubiok proiektu honetan. Hark ezagutzen zituen eta politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi lagun elkartu zituen bere etxean: Paco Egea eta Arnaldo Otegi, alderdi sozialistakoa bata eta ezker abertzalekoa bestea. Eta haien atzetik iritsiko ziren beste batzuk ere. Egearen bitartez, gerora, Jesus Egiguren (PSE-EE) batu zen Rubioren mahaira. Arnaldo Otegi espetxeratu zutenean ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Urko Aiartza baserriko topaketetara joan izan zirela azaltzen du Rubiok dokumentalean.
Oro har, lanak, bortizkeria-egoeratik bake girora egiteko egin ziren bileren berri ematen du.