'Txillarreko sukaldaria' dokumentala, ostiral gauean BARRENAn ikusgai

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 7a

Pello Rubio, Elgoibarko Txillarre baserrian. (Maria Maya Manterola)

Elgoibarko Txillarre baserriko ezkutuko elkarrizketen inguruko dokumentala ikusgai izango da barrena.eus webgunean ostiral gauean.

Txillarreko sukaldaria dokumentala Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan eman dute azkeneko hilabeteetan, besteak beste, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan, Deban eta Itziarren, gure eskualdean. Ostiral honetan, berriz, telebistako estreinaldia egingo dute: Tokiko lau telebistak (Goiena, Guka, 28 kanalak eta GITBk), Hamaika Telebistak eta Kanaldudek. Era berean, barrena.eus webgune honetan ere ikusi ahal izango da dokumentala, 22:00etatik aurrera.

Asier Ibaibarriagak (Ermua, 1973) eta Edurne San Martinek (Eibar, 1968) iazko urrian aurkeztu zuten Txillarreko sukaldaria' (Elkar) liburua, eta liburuarekin batera, izen bereko dokumentala ere ondu zuten (ikus egileek BARRENAri eskainitako elkarrizketa)

Pello Rubio da liburuko zein dokumentaleko protagonista nagusia, eta haren hitzetan oinarritzen da lana. 2005-2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Rubiok proiektu honetan. Hark ezagutzen zituen eta politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi lagun elkartu zituen bere etxean: Paco Egea eta Arnaldo Otegi, alderdi sozialistakoa bata eta ezker abertzalekoa bestea. Eta haien atzetik iritsiko ziren beste batzuk ere. Egearen bitartez, gerora, Jesus Egiguren (PSE-EE) batu zen Rubioren mahaira. Arnaldo Otegi espetxeratu zutenean ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Urko Aiartza baserriko topaketetara joan izan zirela azaltzen du Rubiok dokumentalean. Bortizkeria-egoeratik bake girora egiteko egin ziren bileren berri ematen du lanak.

Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdian sari bat ere jaso zuen dokumentalak; Luzemetraia onenaren Ikusleen Saria.