Itzulia Women-en biharko etapak trafikoan eragingo du Itziarren eta Elgoibarren

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko maiatzaren 14a

Arg.: Itzulia Women

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliak Itzulia Women trafikoan hainbat afekzio sortuko ditu asteburuan Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan. Debabarrenari dagokionez, bihar (maiatzak 15) izango dira eragin nagusiak, Itziarko eta Elgoibarko AP-8ko lotune eta ordainlekuetan.

Lehen etapa bihar (maiatzak 15) jokatuko da, Zarautzen hasi eta amaituta. Horren ondorioz, AP-8an hainbat unetan trafiko-afekzioak izango dira Debabarrenean:

  • Itziarko lotunean, 10:20etatik 11:15etara, ordainlekuan afekzioak sor daitezke bi norabideetan.
  • Elgoibarren, 10:55etatik 11:50etara, ordainlekuan afekzioak izan daitezke bi norabideetan.

Horrez gain, Zarautzen ere auto pilaketak espero dira egun osoan zehar, irteera eta helmuga Gipuzkoa kalean kokatuko baitira.

Larunbatean, Bizkaiko errepideetatik ibili ondoren, igandean, maiatzaren 17an, hirugarren eta azken etapa jokatuko da Donostian hasi eta amaituta. Egun horretan ere hainbat afekzio izango dira Gipuzkoako errepide sarean:

  • Donostian, GI-20ko Antigua-Ibaeta eta Añorgako lotuneetan itxierak egin ahal izango dira 10:00etatik 10:40etara eta 11:45etatik 12:45etara.
  • Irunen, AP-8ko Irun-Bentak ordainlekuan afekzioak izango dira 10:30etatik 12:00etara.
  • Oiartzunen, AP-8ko lotuneetan, eta GI-20ko Pasaia eta Errenteriako lotunean, afekzioak espero dira 11:30etatik 12:30etara.
  • Orion, AP-8ko ordainlekuan sarrera eta irteerako itxierak egingo dituzte 12:30etatik 13:30etara, tropela igaro arte.