Iñaki Rementeriak Geoparkeari egindako dohaintza aurkeztu dute

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 14a

Urte luzez Deban bizi den Iñaki Rementeria Oiarzabalek ehundik gora pieza paleontologiko eman dizkio Euskal Kostaldeko Geoparkeari, ondarea zaindu eta gizarteratzeko helburuarekin. Rementeriak berak hiru hamarkada baino gehiagoz bildutako fosilek eta septariek osatzen dute sorta. Atzo aurkeztu zuten, Debako Turismo Bulegoan.

Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok Rementeriaren "lan metodiko eta nekaezina" azpimarratu zituen atzoko ekitaldian, eta esker oneko azaldu zen: "Flysch osoan dauden fosildutako bizi-formen bilduma oso interesgarria eta konpletoa da, hasi Mutrikuko eta Debako flysch beltzetik eta Zumaiaraino". Geoparkeko lurraldeko ondare paleontologikoa ikertzeko eta kontserbatzeko abiatutako programaren baitan kokatzen du Hilariok dohaintza. "Jarduera horren ondorioetako bat da bertako biztanleak Geoparkera hurbiltzen direla ondarea partekatzeko, guztiona izan dadin", gaineratu zuen.

Hauxe dio Rementeriak: "Beti gustatu izan zait fosilen bila ibiltzea, eta etxean harrobia nuen gordeta, jada ez neukan lekurik! Hasteko, orain 30 urte inguru, Crinoide oso berezia jaso nuen Elorriagan, eta handik aurrera zaletasuna handitu zitzaidan. Dohaintza horren bidez, pieza hauek Deban geratzea nahiko nuke". 

Debako Udaleko eta Geoparkeko ordezkariez gain, egunotan Geoparkea aztertzen aritu diren Unescoren ebaluatzaileak –Emmaline Rosado-Gonzalez mexikarra eta Alexandru Andrasanu errumaniarra– ere izan ziren dohaintzaren lekuko. Izan ere, Geoparkeak ebaluazio misioa jaso du, Unescoren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eusteko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko; udazkenean emango dute azterketaren emaitzaren berri.

Bada, Alexandru Andrasanu paleontologoak ere hitza hartu zuen atzoko ekitaldian, ekimenaren balioa azpimarratzeko: "Badakit zeinen zaila den horrelako bilduma bat lortzea, nolako eromena den eta zer grina behar den zaletasun hau elikatzeko; gainera, harrigarria da paleontologikoki eta estratografikoki Rementeriak egin duen lan bikaina, guztia ondo identifikatuz eta sailkatuz. Bestalde, lurraldearekin duen konexioa ere azpimarratzekoa da, eta, neurri berean, bere ekarpena egiteko Geoparkean aurkitu duen babesa”.