Bizkaiko Mendizale Federazioak Emakumeak gailurretan ekimena antolatu du maiatzaren 17rako. Hala, Bizkaiko tontor nagusiak emakume mendizalez beteko dira, ekimenaren leloak dioen moduan, Gorbeiatik Pagasarriraino, Anbototik Kolitzaraino. Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela adin edo esperientzia kontua: "Emakumeen presentzia ikusaraztea eta mendietan duten lekua aldarrikatzea da helburua".
Parte-hartzaileek euren herritik gertuko Bizkaiko mendi bat aukeratu beharko dute eta, gutxienez, bost emakumeko taldeetan igo tontorrera. Eguerdiko hamabietan tontorretan elkartu eta unea sare sozialetan zabaltzera animatu dituzte, argazki zein bideo bidez.
Izen-ematea itxita, baina parte-hartzea zabalik
Izen-ematea zabaldu zuten, parte hartzeko konpromisoa bermatzeko. Euro bateko kostu sinbolikoa zuen, eta trukean buff bat jasoko dute oroigarri. Federazioak BARRENAri jakinarazi dionez, 1.950 emakumek eman dute izena; horietatik, hamazazpi Oiz mendira igoko dira, eta bederatzi, Urkora. Hala ere, egunean bertan, izen-emate ofizialez aparteko parte-hartzea haztea espero dute. Artarrai Mendi Taldeak 10:30ean Orbe Kardinala plazan elkartzera deitu ditu ermuarrak.