Elkarrizketa

Lorea Jainaga: "Bi munduren arteko zubi lana egin zuen Lourdes Iriondok"

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 16a

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan graduatua da Lorea Jainaga (Eibar, 1999), eta Lourdes Iriondok (1937-2005) euskal kulturgintzari egindako ekarpena aztertu, eta haren obra bildu du Alex Gurrutxagarekin batera (Zarautz, 1988). Hain justu ere, Lourdes Iriondo, bide-urratzaile izenburuko hitzaldia emango Gurrutxagak Eibarren maiatzaren 21ean (eguena). Klub Deportiboan izango da, 19:00etan hasita.

Gurasoen trikiti eskolan hartu du BARRENA Lorea Jainagak (Eibar, 1999). Mahai gainean ditu Alex Gurrutxagarekin (Zarautz, 1988) batera ondu dituen Lourdes Iriondori buruzko hiru liburuak: Santi Onaindia bekari esker argitaratutako Lourdes Iriondo, bide-urratzaile lana eta haren obrari eskainitako biak: Lourdes Iriondo. Ipuinak eta Lourdes Iriondo. Antzezlanak. 

Zerk jarri zintuen Lourdes Iriondori begira? 

Gradu amaierako lanak. Irakasle nuen orduan Alex Gurrutxaga, eta hark bota zidan amua. Lourdesen garaiko prentsako hainbat artikulu bidali zizkidan, titular potolodunak denak ere, eta harrituta gelditu nintzen. Idatzi haietan argi azaltzen zen zein itzal handia izan zuen Lourdesek 60ko eta 70eko hamarkadetan euskal kulturgintzan, baina haren obra oso lausotua iritsi zaigu gaur egunera, eta iruditu zitzaidan hor bazegoela mamia aztertzeko. Hala, Lourdesen haur eta gazte literatura aztertu nuen gradu amaierako lanerako, eta gero, Alexek berak eta epaimahaikideek animatuta, Santi Onaindia bekara aurkeztu genuen lana, 2023an. Beka hari esker kaleratu genuen Lourdes Iriondo, bide-urratzaile liburua, bi urteko lanaren ondoren. Ikertzeko orduan, zailtasun handiak izan genituen Lourdesen lan batzuk topatzeko, eta horrek bultzatuta erabaki genuen gero Lourdesen obra bildu eta herritarren eskura jartzea. Bi liburutan eman dugu haren obra argitara. 

Bigarren plano batean iritsi zaigu Lourdes Iriondoren berri, Xabier Lete senarraren atzean sarri.  Zer zenekien zuk hari buruz haren obra ikertzeari ekin zenionean? 

Hala da. Eta gehituko nuke kantagintzatik iritsi zaigula iritsi zaigun apurra. Nik neuk ezer gutxi nekien Lourdesi buruz: Xabier Leteren emaztea izan zela, Ez Dok Amairu kultur mugimenduan ibili zela, eta haren pare bat kantu: Gazte gera gazte eta besteren bat, mitikoenak. 

Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria saiakeraren egilea da Alex Gurrutxaga. Lagungarri izan zaizu hori Lourdes Iriondoren obrara gerturatzeko? 

Bai. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean dago Xabier Leteren funtsa, eta han, jakina, Lourdes Iriondoren materiala ere badago, etxe berekoak zirelako. Esango nuke han topatutakotik sortu zitzaiola Alexi Lourdesen obra aztertzeko gogoa eta proposatu zidala niri hari heltzea.

Zerk uste duzu lausotu duela horrenbeste 60ko eta 70eko hamarkadetan hain distiratsua izan zen figura? Zerk eragin du eten hori transmisioan?

Esango nuke arrazoi asko izan direla eta ausartegia litzatekeela bakar bat nabarmentzea. Bat izan daiteke 1982an azken liburua argitaratu zuenetik hil zen arte ez zela plaza publikoan agertu, dela osasunak horretara behartu zuelako edo garaiko egoera soziopolitiko zailagatik atzera egin zuelako. Horrek, figura ahultzeak, zaildu egiten du transmisioak irautea, baina iruditzen zait gure errealitatearen neurria zein den kontuan hartzea ere badagokigula: Euskal Herria txikia da, irakurle gutxi gara, ikertzaileak ere gutxi, literaturaren historian eta literaturaren arloko ikerketetan emakumeen presentzia urria izan da... Faktore asko dira, beraz, titular batera sinplifikatzeko erantzuna. Iruditzen zait ikertzaileok ezin garela horretan jausi. 

Hari buruz esan denetik zerekin ez zaude zu konforme?

Arrazoiak arrazoi, atzera egin zuela esan dugu, baina herri-lanetik ez zen sekula apartatu. Egape ikastolan ibili zen lanean urte askoan, Eliza inguruko mugimenduetan ere bai... Gelditu ez zen egin, baizik eta agertokitik jaitsi. Joera egon da haren bizitzari buruzko komentario batzuk nabarmentzekoa, eta klixez beteta aurkeztekoa Lourdes. Euskal Herriaren nobia izan zela esan izan da, aurkeztu zaigu emakume xalo gisa... baina ikusten dugunean zer egin zuen garai hartan, konturatzen gara zein emakume indartsua izan zen. Aitzindari bat izan zen bere garairako, eta artista handia. Lourdes bere testuinguruan kokatu behar dugu. Familia dirudunekoa zen, etxean ez zuten euskararik egiten, frankismo betean sortu zuen obra, euskaraz, eta sufritu zuen zentsura, bere garaiko beste hainbatek bezala, eta irakasle izan zen euskarazko materialik ez zen garai batean. Bide-urratzailea izan zela esaten dugu guk, euskal literatur sistema garaikidea sortu aurretik egin zuelako egin zuen guztia. XX. mendera arte literatura tradizionala izan dugu, naturari oso lotua. 80ko hamarkadan, berriz, literatura modernoago bat agertu zen. Lourdes Iriondok bi mundu horien arteko zubi lana egin zuen: bere obran elementu tradizionalak badaude, baina aldi berean gero etorriko zen estetika modernoa aurreratzen du. Horregatik esan daiteke katebegia izan zela, eta Mariasun Landa idazleak hainbatetan azpimarratu izan du hori..

Irakaslea zara zu. Zer balio aitortzen diozu gaur haren lanari?

3 urteko haurren irakasle naiz, eta izugarrizko lana iruditzen zait. Umeentzat sortzen zuen, baina umeekin eurekin. Umeen intereseko gaiak agertzen dira haren testuetan, eta hor umeak eurak ikusten ditut nik sormen-prozesuan. Lourdesek berak eskuz idatzitako materiala aztertu ahal izan dugu, haren familiakide batek utzita, eta ikaragarria da, esaterako, ikustea nola marrazten zituen antzezlanetako protagonisten arropak eskuz. Lourdesen lan egiteko modu hori, metodologia hori, jasota dator gaur egungo curriculumean. 

Iriondoren lana aztertzeko orduan zailtasunak aipatu dituzu lehen. Adibidez?

Liburutegi publikoen sarean haren lanen bila hasi, eta konturatu ginen batzuk txarto erregistratuta zeudela. Asto baten malura liburua, esaterako, Asto baten maluza izenarekin agertzen zitzaigun bost bider, eta birritan bakarrik ondo. Lotara joateko ipuinak ere topatu ezinda ibili ginen. Hamar ale xahututa zeudela agertzen zen sarean; egoera txarrean zeudelako baztertuak, alegia. Hutsune handiak daude, eta horregatik eman dugu argitara haren obra, bi liburutan, guk izan ditugun zailtasunak izan ez ditzaten ondorengoek. Ustez, argitaratuta dauden lan guztiak bildu ditugu, baina beti ager daiteke berriren bat. Txorien baratza antzezlana gehitu dugu guk, inon aipatua ikusi ez duguna, saritu zitzaion lanetako bat izan arren. Tolosako liburutegian topatu ditugu bi ale. Era berean, aurrez argitaratu gabeko antzezlan bat ere eman dugu liburuan: Fabrika berria. Familiaren bidez lortu dugu Lourdesen azken izkribu bat izan daitekeena, makinaz idatzia. Altxorra da. 

Jabetzen al zara egindako lanaren garrantziaz?

Ez dut uste. Ikertzen aritu izan naizen denboran irakaskuntza lanean eta oposizioetarako prestatzen ere ibili naiz, eta oso gogorra egin zait. Ez dut uste oso kontziente naizenik egindakoaz oraindik. Oso kantsatuta bukatu dugu Alexek eta biok, baina oso harro ere bai egindako lanaz.