Euskal Kostaldeko Geoparkeak bederatzi eguneko egitarau zabala prestatu du Europako Geoparkeen Astea ospatzeko. Maiatzaren 22tik 30era egingo da EGNWeek deritzon ekimenaren hamazazpigarren aldia; geurean ez ezik, Europako 28 herrialdetan dauden 113 geoparkeetan ere ospatuko dute. Eta helburu argia du egitasmoak: "Tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio horien kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea". Hori lortze aldera, zientzia eta surfa ardatz dituen askotariko ekitaldi-sorta aurkeztu dute aurten. Ekintzak doakoak izango dira, baina kasu batzuetan aurrez eman beharko da izena. Hain zuzen, geoparkea.eus-eko Europako Geoparkeen Astea 2026 atalak dakar informazioa.
Irekiera, Mutrikun
Egitaraua hilaren 22an abiatuko da, arratsaldez. Mutrikun izango da irekiera-ekitaldia, Geoparkeko eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako ordezkariak bertan direla. Mutrikuko portuan eta Zumaiako Moilaberri inguruan ikusgai jarriko duten surfari eta zientziari buruzko erakusketa inauguratuko dute, eta ikastetxeekin elkarlanean antolatutako marrazki lehiaketaren sariak banatuko dituzte.
Maiatzaren 23an, larunbatez, Geoparkeko Biraren azken etapa oinez egiteko irteera antolatu dute –Zumaia eta Mutriku artekoa–. Zumaiatik 10:15ean abiatuta, 17,7 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta Zumaiara itsasontziz edota garraio publikoan itzultzeko aukera izango da. Igandean, berriz, Flyscha haurrekin tailerra egingo dute, Mutrikuko Nautilus Museoan, 10:00etan. Ondoren, flysch beltzaren itsaslabarrak ezagutzera joango dira partaideak; itsasontzian Saturrarango hondartzarainoko paisaiaz gozatu ahal izango dute. Asteburuko bi ekintza horietan parte hartzeko, aurrez eman beharko da izena.
Aste barruan, Zumaian
Zumaiako Oxford aretoan Surfa eta zientzia erakusketa irekiko dute hilaren 26an, 18:00etan; Euskalmet agentziako Joseba Egaña zientzialaria meteorologiaz eta surfaz ariko da bertan.
Biharamunerako, aldiz, "hitzordurik garrantzitsuenetako bat" iragarri dute: Geotalks. Ozeanografia fisikoan doktore Tony Butt surflaria Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoarekin batera ariko da solasean, surfaren inguruko ikus-entzunezko batez lagunduta. Ekimena 19:00etan hasiko da, Aita Mari aretoan.
Azken geldiuneak, Deban
Debak hartuko ditu egitarauaren baitako azken ekitaldiak: batetik, maiatzaren 29an, musika eta hitzaldi bat uztartuko dituen ekitaldia egingo dute hondartzako pasealekuan –Eduardo Ogando EHUko fisikaria eta Ibon Oregi surflaria izango dira bertan–; bestetik, hilaren 30ean, Biotop irteera antolatu dute, Intsektuen safaria: begirada desberdin bat izenburupean. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek gidatuko dute eta parte hartu nahi dutenek aurrez egin beharko dute erreserba. Errotaberriko atsedenlekuan jarri dute hitzordua, 10:00etan.
Bestalde, sormenak ere izango du tarterik Europako Geoparkeen Astean, III. Mikroipuin Lehiaketa antolatu baitute. Sariketara Geoparkeko olatuak, badatoz eta badoaz gaiari buruzko kontakizunak aurkeztu ahal izango dira, maiatzaren 22tik 31ra arte.