Izan ere, nabarmendu dute "garai zailak" direla hauek. Besteak beste, bizi-baldintzen pobretzea; indibidualismoaren eta faxismoaren gorakada; modu independentean antolatzen direnen kriminalizazioa; gaztetxeen nahiz gazte asanbladen kontrako erasoak; eta gazteen despolitizazioa aipatu dituzte, eta uste dute egoera horretan ezin dela besoak antxumatuta gelditu. Gaztetxeetan munduaren ikuskera beste bat dela azpimarratu dute, borrokan eta ilusioan oinarritutakoa, eta horri eusteko irmo sendoa agertu dute. Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbladen topaketak antolatzeko, hainbat bilera egin dituzte dagoeneko han eta hemengo ordezkariek. Herri bakoitzeko ordezkari batek parte hartu ohi du batzar handi horietan, eta jasotako ekarpen eta proposamenak herrira ekarri; herrian aztertu eta bilera handira itzuli ohi ditu berriro ordezkari horrek, denen artean findu eta adosteko. Ostiralean, topaketetan parte hartzeko dei egiteko elkartu ziren, Eibarren, Debako, Mendaroko eta Eibarko bertako gazte asanbladetako ordezkariak, nazio mailan ez ezik, eskualdean bertan ere ari direlako taldea sendotzeko ahaleginean. Iraganaz eta orainaz solastatzeko aukera izan zuten han, eta tribialean aritu ziren gero. Elkar ezagutzeko probestu zuten jolasa, eskualdeko gaztetxeen inguruko galderei erantzunez aritu baitziren.
Topaketetako egitaraua
Egitarau betea da maiatzaren 29-30erako iragarri dutena. Barikuan hasiko dute topaketa, 16:00etan, eta tailerrak, mahai-inguruak, Azoka Gaztetxeroa, afaria, zirku emanaldia, bertso saioa eta Maga Rude eta Meison taldeen kontzertuak izango dituzte lehen egunean. Zapaturako ere eskaintza oparoa lotu dute: gosaria, hausnarketa kolektiboa, disko-pintxadak, kantaldia, manifestazioa eta ondorengo ekitaldia, eta kontzertuak, besteak beste. Skabidean, Mateo Zikuta & El Garto, Maixa Ta Malakias, Dena, Eztanda, Lee Kore eta Aurrez Aurre taldeen kontzertuak lotu dituzte, bai eta Xaukena Xauk, GR3M, DJZatzaz, Basajaun Sound System eta Mangualazo en el Regazo disko-jartzaileen saioak ere.