Museoen Eguna ospatuko dute Debabarrenako museoek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 15a

'Museoak mundu zatitua batzen' lelopean ospatuko dute maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna. Eskualdeko museoek ere egingo dute bat ospakizunarekin, ateak doan zabalduz edo bisita gidatuak eskainiz, besteak beste.

Museoak banaketa sozial, kultural edo politikoen arteko zubiak direla aldarrikatu du Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) Museoen Nazioarteko Egunerako aukeratu duen leloarekin: 'Museoak mundu zatitua batzen'. Alegia, museoak elkarrizketa, inklusioa eta elkar-ulertzea sustatzen duten gune gisa ulertu behar direla diote. "Ondarea eta memoria babestean, museoek ikasteko eta hausnartzeko guneak sortzen dituzte; ahots ezberdinak zabaltzen dituzte eta gizarteari lagundu egiten diote konplexutasunari modu eraikitzailean heltzen".

Debabarrena eskualdean dauden museoek ere ospatuko dute Museoen Eguna. 

Bisita gidatu bereziak Armagintzaren Museoan

Eibarko Armagintzaren Museoa da ospakizunekin bat egin duenetariko bat, eta bost bisita gidatu berezi antolatu ditu maiatzaren 18tik 22ra bitartean egitekoak, herriko hainbat elkarteri zuzenduta. Bisita gidatu bakoitzean hainbat elkartetako pertsonak hartuko dute parte, museoa elkarrizketa sustatu eta harreman berriak ezartzeko gunea dela ikusaraziz. Gainera, maiatzaren 17an museora sarrera doakoa izango da. Eibar hiriak memoria historikoaren eta industria-ondarearen kontserbazioari eta hedapenari eskainitako museoa da Bista Eder, 10 zenbakian kokatuta dagoena. 

Makina Erremintaren museoa irekita domekan

Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Elgoibarko Makina Erreminta Museoa zabalik egongo da domekan, maiatzaren 17an (11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara), bertan gordea duten industria-ondarea gertutik ezagutu ahal izateko. Sarrera doakoa izango da. "Barneratu zaitez makina-erremintaren historiaren eta bilakaeraren inguruko ibilbide paregabe batean, bisita libre baten bidez. Esperientzia hurbilagoa eta irisgarriagoa izan dadin, irakurketa errazeko erroilu eta informazio-panelez lagunduta egongo da", adierazi dute museoko arduradunek. Gainera, aurten pantaila interaktiboak batu dituzte euren eskaintzara, bideoen bitartez eduki historikoak eta sektorearen iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko bitxikeriak azaldu ahal izateko. Museoa bizitzeko modu "dinamiko eta desberdina" dela azaldu dute.  

Mufomi Fosilen eta Mineralen Museoan hainbat jarduera

Euskal Herriko ondare paleontologiko aberats eta askotarikoaren erakusleihoa den Mufomi museoak ere bat egin du Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin, eta ateak zabaltzeko jardunaldia antolatu dute egunaren bezperarako, maiatzaren 17rako. Honako ordutegian bisitatu ahal izango da Elgoibarren dagoen museoa, domekan: 11:00etik 14:00era eta 17:00etik 19:00era. Goizean zein arratsaldean bisita gidatu bana eskainiko dute museoko arduradunek. Horrez gainera, eta eguraldiak laguntzen badu, mineralekin zerikusia duten jarduera didaktikoak egingo dituzte kanpoaldean, eta esperimentu bat edo beste egingo dutela ere aurreratu dute. Bisitariek oparia ere jasoko dute, katalogotiki atera dituzten mineralen eta fosilen lagin ugari banatzeko asmoa baitute, museoaren oroigarri izan daitezen. Museoaren bilduma 3000 objektuk baino gehiagok osatzen dute, besteak beste, duela 125.000 urte inguruko mamut baten burezurra, krokodilo hezurdura bat, hartzen bi hezurdura, Icthyosaurioko bi fosil, gure ingurune hurbileneko eta munduko beste toki batzuetako fosilak eta mineralak.

Hezur Museoa zabalik

Mufomi Museoaren ondoan dagoen Hezur Museoak ere zabalduko ditu ateak domekan (11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara). Hezur Museoa museo berezia da. Historiaurretik paseoa eskaintzen du, Paleolito garaiko Achelensetik Brontze Arora arte. Horretarako, garai hartan erabilitako tresnen errepliken bilduma zabala du, bere sortzaileak, Jose Julian Marquezek, maisuki zizelkatuak. Izaera hau duen museo bakarra da lurraldean, seguruenik estatu osoan ere. Arrantzarako, ehizarako, jostailuetarako, gurtzarako, sua egiteko eta abarretarako 700 pieza baino gehiago ditu bildumak.

Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoa eta Arrateko aterpetxean kokatuta dagoen Gerra Zibileko Interpretazio Zentroa dira eskualdeko gainerako museoak. Eta horiei HAB-Historiaurreko Bailara gehitu behar zaie, Deban dagoen aire zabaleko museoa.