Euskal Herri osoko 68 ikastetxek parte hartu dute Puntueus-en Kaixomundua.eus webgune-lehiaketan, 1.413 ikaslek eta 527 taldek, eta joan zen barikuan banatu zituzten sariak Bilbon, EITBren egoitzan.
Lehiaketa ez eze, Euskal Herriko ikasleen alfabetatze digitala sustatzeko tresna ere bada egitasmo hau. Izan ere, "gazteak eduki digitalen kontsumitzaile pasibo izatetik, sortzaile izatera pasatzea" da egitasmoaren helburu nagusia. Horretarako, gaitasun teknikoak (webguneen arkitektura, diseinua eta programazioa) eta komunikazio-gaitasunak uztartzen ditu, betiere euskararen erabilera ingurune digitalean bermatuz.
Badu beste bereizgarri bat egitasmoak: proiektu errealak sustatzen dituela. Izan ere, ingurune hurbileko behar bati erantzun behar izan diote aurten parte hartu duten ikasleek. Hala, tokiko denda txikiei, elkarteei edo herri-ekimenei sortu dizkiete webguneak, ikusgarritasun digitala emateko. Horretarako, denda edo elkarteetako jabeekin hartu-eman zuzena izan dute ikasleek, profesionalek egingo luketen moduan. Eta lan horri balioa emateko, aurten, sari berezi bat ere banatu dute: proiektu erreal onenari saria. Baztango altxukodenda.eus proiektuak eskuratu zuen sari hori, "tokiko denda txiki baten beharretara guztiz moldatutako emaitza profesionalagatik". Saritutako webgunea Baztango Lekaroz BHI ikastetxeko Leire Uribe-Etxebarria, Saioa Perotxena eta Izaro Lakostak sortu dute, dendakoekin elkarlanean. Epaimahaiak proiektuaren izaera "konpletoa" eta "oso txukuna" nabarmendu zuen, "komertzio batek behar dituen atal guztiak modu profesionalean integratzeagatik".
Lehiaketara aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu zuen epaimahaiak, eta guztien artetik bereziki bat goraipatu zuen: Politeknika Txorierriko Alaitz Aramburu, Ibon Lekue eta Julen Gorostizagak ziberbuling-ari aurre egiteko sortu duten saveme.eus plataforma digitala. Lan honen "izaera profesionala, diseinu zaindua, originaltasuna eta maila tekniko landua" azpimarratu zituen epaimahaiak.
Irabazle guztiak hemen:
DBH 1-2 kategorian
- Irabazlea: kaixomunduabermeo.eus. Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko DBH2 mailako talde batek sortua.
DBH 3-4 kategorian
- Irabazlea: soraluzemusika.eus. Elgoibarko BH Institutuko DBH4ko lau ikaslek sortu dute: Oier Arriolak, Peru Astigarragak, Ilargi Galeanok eta Wiame Berrabhik. Epaimahaiak webgunearen eduki kopuru handia eta fidagarritasuna goraipatu zituen, eta azpimarratu zuen etorkizunean jarraipena izan dezakeen lana dela, bere txukuntasunagatik.
- Epaimahaiaren sari berezia: etxekoarazoakonpondu.eus. IES Mutriku BHIko DBH 4ko ikasleek sortu dute, zehazki Oihan Pagolak, Uxer Andonegik eta Beñat Beristainek. Epaimahaik aipamen berezia egin zion haien webguneari, haren originaltasuna eta erabilgarritasuna nabarmenduta.
Batxilergoan
- Irabazlea: saveme.eus. Derioko Politeknika Txorierri ikastetxeko Batxilergoko bigarren urteko ikasleek sortu dute.
Lanbide heziketan
- Irabazlea: txillarreekodenda.eus. Elgoibarko Meka Lanbide Eskolako lau ikaslek sortu dute: Zineb Zrouki, Ivan Migales, Xabier Arregi eta Jennifer Vaquero. Epaimahaiak zehaztu zuen "webgune sinplea, argia eta ondo egituratua" dela, "nabigazio erraza eta helburu zehatzak" dituena.
Proiektu erreal onenari saria
- Irabazlea: altxukodenda.eus ○ Ikastetxea: IES Lekaroz BHI
Finalistetan, beste elgoibartar bat
Saritu guzti hauez gain, eta Elgoibarko ikuspuntutik, azpimarratu behar da Elgoibar BH Institutuko beste talde baten lana ere finalisten artean izan zela, DBH 3-4 kategorian. Hain zuzen ere, Amaia Figueroak, Elene Gurrutxagak, Gaizka Friasek eta Dylan Lanzak Aterpe tabernarentzako sortutako webgunea. Elgoibarren aitortza jaso duten hiru ekimenak Elgoibartik Mundura ekimenaren barruan garatu dituzte. Elgoibartik Mundura Elgoibarko Udala, Elgoibarko Izarra, PUNTUEUS eta herriko ikastetxeen arteko lankidetza proiektua da, digitalizazioa eta euskararen erabilera bultzatzea dituena helburutzat.