Johny Circus-ek bi emanaldi eskainiko ditu egunotan Debako Ondarbeltz hondartzako aparkalekuan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 19a

Mutrikun bi emanaldi eskaini ostean, Johny Circus zirkua Debara iritsi da; gaur (maiatzak 19) zein bihar (maiatzak 20) izango dute herritarrek ikuskizunaz gozatzeko aukera. 

Familia osoari zuzendutako emanaldiak izango dira, eta bi egunetan saio bana eskainiko dute Ondarbeltzeko aparkalekuan, 18:00etan hasita. Zirkuko arduradunek jakinarazi dutenez, ez da aurrez sarrerarik salduko; ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago eskuratu ahal izango dira leihatilan bertan. Umeentzako sarrerak 8 euroan izango dira salgai, eta helduenak, berriz, 10 euroan.

Zirkuaren etorrera iragartzeko kartelak herriko hainbat gunetan itsatsi dituzte egunotan, eta kartel batzuetan Danobateko aparkalekua jartzen bazen ere, azkenean Ondarbeltz hondartzaren alboan dagoen aparkalekuan altxatu dute zirkuko karpa. Azken orduetan egin dituzte muntaketa lanak, eta dagoeneko prest dute espazioa lehen emanaldiari hasiera emateko.

 

 

 

 

 

 

 

.