Iosu Rodriguez kulturistak Valentzian eta Italian lehiatuz hasiko du Europako Txapelketarako bidea

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 19a

Iaz Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) lehiatu zen kulturista elgoibartarra, Munduko Kulturismo Natural Txapelketan. Aurten Belgikan jokatuko den Europako Txapelketa du begiz jota.

Munduko txapelketan bosgarren postuan sailkatu zen Iosu Rodriguez iaz, eta emaitza hark zein hobetzeko gogoak hauspotuta, lehiatzen jarraitzea erabaki du, atseden luzeagoa hartzea aurreikusia baitzuen. Eta, erronka berriak ere jarri dizkio bere buruari, kategoria berri batean lehiatu nahi baitu, txartel profesionala lor dezakeen ikusteko. Orain arte Physiquemania kategorian lehiatu izan da profesional gisa, eta Mens Physique izeneko kategorian lehiatzen hasi nahi du orain. Asmo horretan, Llirian (Valentzia) jokatuko den kulturismo txapelketan hartuko du parte asteburu honetan. Aipaturiko bi kategorietan hartuko du parte. Txapelketarako koreografia berezi bat prestatu duela ere aurreratu du. "Duela gutxi hil zait txakurra, zortzi urtean bidelagun izan dudana, eta haren falta somatzen dut etxean, bereziki entrenamenduetatik bueltatzen naizenean. Gogoratzean hunkitu egiten naiz oraindik ere. Joandako lagunari omenaldi moduko bat egingo diot oholtzara igo eta epaileen aurrean nagoenean". 

Riminin nazioarteko txapelketa

Valentzian lehiatu eta gero, Rodriguezek nazioarteko kulturismo txapelketa batean hartuko du parte, Italiako Rimini hirian, maiatzaren 29tik 30era bitartean. Iaz ere hartu zuen parte Italian jokatutako txapelketa batean, baina ez zen batere gustura geratu han bizitakoekin. Halere, bigarren aukerta bat eman nahi dio Italiari.  "Espero dut iazkoa baino lehia garbiagoa izatea, etxekoen alde nabarmenegi egin baitzuten iazkoan".

Europako Txapelketa, Belgikan

Riminitik bueltan Europako txapelketarako azken prestaketak egingo ditu. Belgikako Bredene hirian jokatuko dute Europako Kulturismo Natural Txapelketa, ekainaren 12an eta 13an. Huraxe du helburu nagusia. Dubairako lortu zuen sasoi berean iritsi nahi du Europako txapelketara, eta horretarako hasi zen entrenatzen, buru belarri, duela sei aste. Dieta zorrotza jarraitzen duela dio, gosea ere pasatzen duela aitortuz. Izan ere, egunean bost ordu entrenatzen ditu, astean sei egunetan. Eibarko Iron gimnasioan pasatzen ditu entrenamendu orduok giharrak lantzen.
Jasotzen ari den babesarekin ere pozik dago. Elgoibar eta Eibar inguruko babesle ugari lortu ditu, hamar bat inguru. "Diru asko behar da kulturismo txapelketetan lehiatzeko eta neu nabil ahal dudana eskuratzen. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet babesa eman didaten guztiei. Instagramen duen kontuan ikus daitezke babesleak zein entrenamenduertan egiten ari den lana. 

Munduko txapelketa, etxetik gertu

2026ko Munduko Kulturismo Natural Txapelketa Espainian jokatuko dute udazkenean, Salamancan hain zuzen ere. Gertutasun geografiko hori probestu nahi du Rodriguezek, eta gustatuko litzaioke han lehiatzea. Aurrez, baina, Kordoban jokatuko duten Espainiako Txapelketan lehiatu beharko du. 

Iosu Rodrigez kulturista elgoibartarra lehiaketa batean. Utzitakoa.