Andoni Arregi, AIAMA taldeko abeslaria: "Ez dago lana estreinatzeko modu hoberik gure jendearekin batera ospatuta baino"

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 21a

Kalean da Mallabiko eta Ermuko punk-oi! taldearen EP berria, Kontu berbera (Lorentzo Records, 2026). Albuma osatzen duten bi abestiak zapatu honetan aurkeztuko dituzte zuzenean, Ermuko Gazte Egunean.

Goian ikusgai Alkohol itsasotan kantuaren bideoklipa, taldeak sortutako lehena.

Andoni Arregi da abeslaria eta kanten idazlea, baina, mallabitarrak zehaztu duenez, lokalean taldekideen parte-hartzearekin hartzen dute forma Aiamaren abestiek. Maiatzaren 2an kaleratu zituzten azken biak: Alkohol itsasotan eta Praedictum bellum; lehena, bideoklip eta guzti. 

Zer harrera izan dute kantuek?

Momentuz, ez gara ikustaldiei erreparatzen hasi, lagunen hitzak bakarrik dauzkagu. Beti bezala, onak izan dira, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa ematen du. Iaz kaleratutako Amodioz eta indarrez diskoarekin lortutakoa izugarria izan da, eta hori hobetzea gustatuko litzaiguke: 10.000 ikustaldira heldu dira kantuak eta hamar kontzertutik gora eman ditugu urte erdian. Dena den, emaitza hori bera lortuz gero ere, gu pozik.

Azken disko hori luzea zen. Zergatik egin duzue formatu laburraren aldeko apustua? 

Justu horrexegatik. Pentsatu genuen aurreko diskoa ez zela oso zaharra eta pare bat abestiko lana egitea aukera egokiena zela. Urte bukaerara begira beste bilduma bat planteatu genuen, baina, momentuz, bere horretan laga dugu. Lan txukuna atera da, eta ez dugu beste ezer kaleratzeko asmorik.

Ba al dago loturarik bi kantuen artean?

Bata pertsonalagoa da; egungo gazte askok duten arazoan zentratzen da: jaiak, festak, taberna sarri bisitatzea… eta alkoholarekin errealitateko arazoetatik ihes egiten saiatzea. Besteak mundu mailako ikuspegia du: gerrak, politikariak… Albumaren izenak lotzen ditu, batik bat. Azken finean, lehen diskoa atera genuenean landu genituen gaiak dira; gizartearen kritika sozial berberak jorratzen ditugu lan berrian, gizartearen arazoak berberak direlako. 

Bigarren kantua latinez izendatu duzue. Zergatik? 

Ez genekien zer izenburu jarri. Antzerako tituluak bururatzen zaizkigu beti, ez gara oso originalak kontu horretan... Behin, lokalean geundela, imajinazio pixka bat etorri zitzaigun, latinez jartzeko ideia irten zen eta aurrera egin genuen horrekin. 


Zutik, Ian Ogiza eta Peio Lopez (gitarristak); azpian, Oier Araiztegi (bateria); eskuman, Martzel Ugena (baxu-jolea); eta erdian, Andoni Arregi (abeslaria).

Hitzen gaiak ez dira aldatu. Soinua?

Soinua bai. Lehen diskoa, Altxatu dezagun ahotsa (2024), eta iazko otsailean kaleratutako Zuekin single-a lokalean grabatu genituen, modu kutre samarrean. Amodioz eta indarrez uztailean argitaratu genuen, gure lehen kontaktua estudioarekin. Lorentzo Records-en izan zen, eta oraingoan ere bertan egin dugu.

Zergatik erabaki duzue errepikatzea?

Grabatzerakoan konfiantza hartu genuen eta emaitza gustatu egin zitzaigun. Gainera, Berrizen dago, gertukoa da, eta gu ez gara urrunera joatekoak, etxekoekin lan egitea gustatzen zaigu.

Emaitza berdintsua bilatu duzue ala gehiago esperimentatzeko tartea hartu?

Disko luzea oso denbora gutxian egin genuen, aste bakarrean, presaka. Honetan soinua sakonago landu eta detaileak zaintzeko tartea hartu dugu: gitarrak zelan sartu, edizioan guztiak hobeto bat egin dezan, koruak landu… 

Aurrekoan kolaborazioak izan zenituzten; oraingoan ere artistaren edo lagunen batek parte hartu du musikan edota koruetan?

Bakarrik egon gara; horixe erabaki genuen hasieratik. Lagunak musikaz aparteko artean izan ditugu, Alkohol itsasotan kantuaren bideoklipean eta albumaren diseinuan. Bideoa Maddi Goikoetxearekin grabatu dugu, eta Oier Beitiaren laguntza izan dugu protagonista moduan. Brometan proposatu genion, hark brometan onartu, eta, egia esan, bikain aritu da, ez da igartzen aktorea ez denik; kar-kar.

Zuen lehen bideoklipa izan da, ezta? Zer moduz esperientzia?

Bi egunetan grabatu genuen, eta oso ondo irten da, pozik gaude. Tabernako hartualdiak Ermuko Infreñu tabernan grabatu genituen; beste guztia, Deban eta Itxaspeko flyschean. Goikoetxeaz eta Beitiaz gain, lagun ugari ere izan ditugu estra lanetan. Zerbait egitekotan, garbi genuen Mallabiko eta Ermuko jendearekin egin nahi genuela.

Albumaren artea zeinek egin du?

Azalak ere Maddi Goikoetxearen obra dira. Pentsatu genuen berritzaile samarra izatea; taldeek azal bakarra egin ohi dute, eta guk, orokorraz gain, kantu bakoitza identifikatuko zuen ilustrazioa sortzea pentsatu genuen. Goikoetxeari buruan geneukana planteatu genion, eta paperera pasatzeko askatasun osoa eman. Erakutsi zigun lehen diseinua, gustatu egin zitzaigun, eta horrekin geratu ginen.


'Praedictum bellum' kantuaren azala.

'Alkohol itsasotan' kantuaren azala.
Formatu fisikoan salduko da ala plataformetan bakarrik? 

Plataformetan bakarrik. Bi kantu izanda, ez genion zentzu handirik ikusi fisikoki ateratzeari.

... eta, halako diseinuak izanda, merchandising-ik egongo da?

Bai; justu horretan dihardugu orain. Kamisetak izango dira, eta espero dugu Ermuko Gazte Egunean emango dugun kontzerturako prest egotea.

Hori izango da EP berriaren aurkezpen-kontzertua?

Bai; maiatzaren 23an. Han joko ditugu bi kantuak aurrenekoz. Amodioz eta indarrez diskoa Ermuko txosnagunean aurkezteko aukera izan genuen, eta guretzat ez dago modu hoberik lan bat estreinatzeko gure jendearekin batera ospatuta baino.


Besoa igeltsatuta zeukala aritu zen Arregi aurreko diskoaren aurkezpen-kontzertuan, Ermuko Txosnagunean.