Zientzia eta surfa ardatz hartuta, askotariko ekitaldi-sorta antolatu dute aurten ere Europako Geoparkeen Astea ospatzeko. Ekimena erdibidera iritsi zen, herenegun, Zumaian ospatu zen Geotalks saioarekin. Bertan, Tony Butt surflari eta ozeanografoak eta Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario geologoak solasaldia egin zuten, White waves dokumentalaren eta Ritxi Goyak grabatutako Zumaiako olatu-hartze ikusgarrien irudien laguntzarekin. Surfaren historiaz, bilakaeraz eta kulturaz aritu ziren, batetik; eta, bestetik, ekologiaz eta ingurumen-aktibismoaz ere hitz egin zuten saioan. Dozenaka lagun bildu ziren Aita Mari antzokian.
Horren ondoren, bigarren eta azken astebururako eskaintza ere prest daukala gogorarazi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Debak hartuko ditu, hain zuzen, egitarauaren baitako azken ekitaldiak.
Batetik, gaur (maiatzak 29), 18:00etatik aurrera, Debako Itsaslabar tabernan, DJ Bon-en saio batek girotuko du ondoren egingo den Orekariak izeneko hitzaldia. Topaketa horretan, Eduardo Ogando (EHUko fisikaria) eta Ibon Oregi (surf egokituko munduko txapeldunordea) surfaren eta orekaren arteko harremanaz ariko dira.
Bestetik, bihar goizean Biotop landa-irteeraz gozatzeko aukera izango da. Intsektuen safaria: Bestelako begirada bat izenburupean egingo da ekimena eta publiko guztiei zuzenduta dago. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek gidatuko dute inguruko baso eta zelaietako intsektuak ezagutzeko topaketa, eta gaztelaniaz egingo da. Geoparkeko kideek azaldu bezala, ibilbideak ez du aparteko zailtasunik; oinetako egokiak, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen dute. Irteera Errotaberriko atsedenlekutik abiatuko da, 10:00etan, eta hiru bat ordukoa izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez egin beharko dute erreserba, labur.eus/insectos2026 estekan edo Debako turismo bulegoan, telefonoz (943 19 24 52).
Mikroipuin lehiaketa eta erakusketak
Bestalde, abian jarraitzen du oraindik ere III. Mikroipuin Lehiaketak. Sariketara Geoparkeko olatuak, badatoz eta badoaz gaiari buruzko kontakizunak aurkeztu daitezke, maiatzaren 31ra arte (esteka honen bitartez). Eta egun horretan bertan amaituko da Surf&Zientzia erakusketak ikusi ahal izateko epea ere. Kale erakusketak Mutrikuko igerileku ondoko zabalgunean eta Zumaiako Moilaberri inguruan bisitatu daitezke; erakusketa nagusia, berriz, Zumaiako Alondegian. EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak garatutako ekimena da, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Kulturarekin elkarlanean.