Azken tiraldiak ez zuen eraginik eduki sailkapen nagusian, eta txapelketa ia guztia sailkapeneko aurreneko postuan egin duen Gorka Madinabeitia Perez (Aretxabaleta, 1969) bolariaren burura joan zen Gipuzkoako txapela. Hamar jardunaldietako emaitzak batuta, UDA Aretxabaleta taldeko ordezkariak 36 puntu eskuratu ditu, bigarren postuan geratu den Jabier Martinok (Ezozi) baino hiru puntu gehiago, eta hirugarren postuan sailkatu den Garikoitz Rodriguezek (Asola Berri) baino lau puntu gehiago. Emakumezkoetan Enara Montiel (Asola Berri) izan da txapelketako onena, 22 punturekin. Isana Gorosabel sailkatu da bigarren postuan, 16 punturekin eta Olatz Arano hirugarrengoan, 14 punturekin.
Taldeka eta bikoteka
Taldekako sailkapen orokorrean Eibarko Asola Berri B taldea izan da onena, 115 punturekin. San Joxepe A taldea sailkatu da bigarren postuan (113) eta Elgeta A taldea hirugarrengoan (109).
Bikotekako lehian, Bittor Ugarteburuk eta Bittor Astigarragak osatutakoa gailendu da, 55 punturekin. Asier Azkarate eta Mikel Almorza sailkatu dira bigarren postuan (53 puntu) eta Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea hirugarrengoan (52 puntu).
Gaztetxoei dagokionez, Ander Unamuno izan da onena infantiletan, 11 txirlo botata eta Axel Sixto eta Irargi Ortuzar nabarmendu dira benjaminetan. Edadekoen artean, Bittor Astigarragak, Jabier Osorok eta Bittor Ugarbeburuk osatu dute azken podiuma.
Jokin Arrizabalagarentzat azken tiraldia
Azken tiraldian 58 bolari lehiatu ziren Azkoitian, eta Lastur taldeko Jokin Arrizabalaga gailendu zen, 7 txirlo botata, Jabier Osorori berdinketa apurtzeko tiraldia irabazi eta gero, San Migel taldeko bolari elgoibartarrak ere 7 txirlo bota baitzituen. Arkaitz Rodriguez sailkatu zen hirugarren postuan, 6 txirlorekin. Lasturko sailkapena:
- Jokin Arriazabalaga (Lastur)...............7 txirlo
- Jabier Ososro (San Migel)...................7
- Arkaitz Rodriguez (Asolaberri)...........7
- Erik Muñoz (Floreaga)..........................5
- Jon Aransi¡olo (Elgeta) ........................4
- Jon Ibarluzea (San Migel)...................4
Hona Floreagako tiraldiko lehen sei sailkatuak, argazkietan:
Lehendakari Saria eta omenaldiak, Asola Berrin
Denboraldiko irabazleak zeintzuk diren argi geratu den arren, sariak datorren zapatuan, ekainaren 7an, jasoko dituzte, Eibarko Asola Berriko bolatokian jokatuko duten Lehendakari Sariaren ostean. Azken tiraldi honek estimazio handia izaten du bolarien artean, kanporaketa eran jokatzen dutelako eta ez delako emoziorik falta izaten kanporaketek aurrera egin ahala. 64 bolari lehiatuko dira. Ondoren elkarrekin bazkalduko dute eta sariak banatuz emango diote amaiera Bolari Egunari.
Urtero moduan omenaldiak ere egingo dituzte, aurtengoan Bittor Astigarraga, Bitor Ugarteburu eta Jose Angel Astigarraga bolariei egingo diete aitortza..
