Euskal Kostaldeko Geoparkeak "aho zapore gozoarekin" itxi berri du Europako Geoparkeen Astearen hamazazpigarren aldia. Zientzia eta surfa izan ditu ardatz aurtengo ekimenak, eta antolatzaileak gustura daude maiatzaren 22tik 30era bitartean Zumaian, Mutrikun eta Deban egin diren jarduerek izan duten harrerarekin. "Herritarren erantzuna nabarmena izan da, parte hartze handiarekin eta ingurune naturala ikuspegi zientifiko eta jasangarri batetik ulertzeko gero eta interes handiagoarekin", azpimarratu dute.
Debak hartu zituen, pasa den asteburuan, aurtengo egitarauaren baitan antolatutako azken ekitaldiak. Ostiral arratsaldean, Orekariak izenburuko solasaldia egin zuten, Itsaslabarrak tabernan, EHUko irakasle eta fisikari Edu Ogandok eta Ibon Oregi surf egokituko munduko txapeldunordeak; surfaren eta orekaren arteko harremanaz aritu ziren biak ala biak, norbere lan arlo eta bizipenetatik abiatuta. Hitzaldiaren aurretik, gainera, DJ Bon zarauztarraren saioak berotu zuen giroa terrazan. Biharamunean, aldiz, intsektuei eskainitako Biotop landa-irteera egin zuten Errotaberriko eremuan; adin orotako 20 bat lagunek parte hartu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek gidatutako txangoan.
Asteburuko ekitaldiak bukatutzat emanda, Euskal Kostaldeko Geoparkeak asteartean iragarri zuen III. Mikroipuin Lehiaketaren irabazlea. Josune Herrarteri eman diote Geoparkeko olatuak, badatoz eta badoaz gaiari buruzko narraziorik onenaren saria. Azaldu dutenez, ez da Herrarte saritzen duten lehenbiziko aldia, bera nagusitu baitzen orain bi urte egindako lehiaketan ere.
Esker onez
Gustura ez ezik, antolatzaileak esker oneko ere azaldu dira Europako Geoparkeen Astearen 17. edizioak eman duenarekin. "Euskal Kostaldeko Geoparkeak berretsi egiten du zientziaren, naturaren eta gizartearen arteko loturan erreferente gisa duen eginkizuna, eta eskerrak ematen dizkie erakunde laguntzaileei, hizlariei eta parte-hartzaile guztiei", nabarmendu dute.
Bide batez, aurtengo ekimena amaitu bada ere, gogorarazi dute Geoparkearen jarduna ez dela etengo, beste hamaika ekintza antolatzen baitituzte urte osoan zehar. geoparkea.eus estekan ikus daiteke eskaintza osoa.