Urte askoan ari dira Marisol eta Belen Al-Anonen batzarretara joaten. Hantxe sentitzen dira babestuak eta konprenituak, eta hain zaie lagungarria taldeak ematen diena, ezen deitzen dituzten toki guztietara joateko prest dauden informazioa ematera, min handia ikusten dutelako inguruan, alkohola hain normalizatua dugun gizarte honetan. Min hori bera partekatzen dute Al-Alonen anaidia diren Alateen taldekoek ere. Hurbileko pertsona baten edateko moduak eragin dien 18 urtez azpikoen taldea da Alateen, eta Al-Alonen eta bien artean antolatu dute ekainaren 12an Mendaron egiteko asmoa duten batzar informatiboa. Bi talde horien lan-dinamikaren berri emateko batzarra izango dela aurreratu dute, baina bilkuran Olatz Aizpuru herriko medikuak eta Alkoholiko Anonimoetako kide batek ere parte hartuko dutela zehaztu dute. Esperientziaz dakite ez dela jendetza handirik batuko ekainaren 12ko deialdira, oraindik ere lotsa eta beldurra oso sentimendu zabalduak direlako alkoholarekin arazoren bat dutenen –edo izan dutenen– artean. Bizi izan zuten hori gure protagonistek ere luzaroan, eta ulertzen dituzte, jakina, egoera horretan sentitu daitezkeenak, baina animatu dituzte parte hartzera, azpimarratuta batzar horretan esango den guztia han geldituko dela, anonimotasuna zaintzeko konpromisoa ezinbestean bete beharreko baldintza delako taldean.
Batzarra udaletxeko udalbatza-aretoan egingo dute, 18:00etan hasita, baina telefono-zenbaki bat ere laga dute, hara joan beharra duela sentitu arren behar beste adorerik biltzen ez duen horrentzat: 650 26 59 63. "Laguntzeko gaude, guri ere beste batzuek lagundu zigutelako egin ahal izan dugulako aurrera. Irabazi-asmorik gabeko taldea da gurea, autofinantzatua, boluntarioz osatua. Geu gara boluntarioak, entzuteko gaudenak. Ez dugu inor epaitzen, ez dugu aholkurik ematen, ez dugu inor ezertara behartzen, baina gure besoak zabalik daude behar gaituen edonorentzat", esan dute.
Gaixotasuna dela onartzea
Gure gizartean oso presente dago alkohola sozializatzeko egoera, askotan, eta hori traba handia da alkoholarekin arazoak dituenarentzat, bai eta haren inguru gertuarentzat ere. Isilean eramaten den mina izaten da, sarritan, alkoholak eragindakoa, besteen begietara nabarmena izanda ere. "Kalean jende guztiak dakien arren gure senide horrek edan egiten duela, guk, sarri, ezkutatzeko joera izaten dugu, isiltzekoa. Guk geuk direnak eta bi esan arren etxekoari, ez dugu onartzen beste inork ezer esaterik. Gorrotoa hartzen diogu alkoholarekin arazoa duen etxeko horri; jasangaitza egiten zaigu, eta edanda datorren bakoitzean eskaileretan behera hankaz botatzeko tentazioa ere sentitzen dugu. Hura anestesiatua dago, baina gu ez gara bizi; eragiten digun mina eta auzo-lotsa hain dira handiak, ezen kontra egiten diogun ahal dugun guztian, eta, askotan, anulatzeraino baztertzen dugu". Normalean, hark ukatu egiten du arazoa duela, eta "zoratzeraino" gaixotzen dira senideak. Eta, halako batean, gerturatzen dira Al-Alonen bilkura batera norbaiten eskutik-edo, eta han entzuten dute alkoholismoa gaixotasun gisa sailkatua duela ofizialki Osasunaren Mundu Erakundeak. Alegia, alkoholarekin arazoa duen bat ez dela "biziotsu amorragarri bat", baizik eta gaixo bat, laguntza behar duen pertsona bat, eta lagundua izatea beharko duena luzaroan, alkoholismoa bizi osorako gaixotasuna baita.
Gaixotasun apartekoa
Ez da, ordea, beste gaixotasunak bezalakoa gaitz hori, beste edozer duenak nekez jarri ohi duelako zalantzan diagnostikoa, baina alkoholikoak, gehienetan, ukatu egin ohi du arazoa duela. "Begi-bistakoa izanda ere, joera izango du arazorik ez duela esatekoa; gezurretan ibiliko zaigu, askotan, disimulatzekoa baino handiagoa izanda ere duen arazoa. Eta hasiko gara modu desesperatuan harentzako laguntza bila. Nire kasuan ere hala izan zen. Senarrarentzako eskuorrien bila joaten nintzen batera eta bestera, baina neuk ere behar nuen laguntza. Nik enpatizatu egiten nuen alkoholikoen senideekin, baina uste nuen laguntza behar zuena senarra zela, eta ez ni. Egia da gaixoa bera Alkoholiko Anonimoetara joaten bada amesgaiztotik irteteko prozesua errazagoa dela, baina gu ezin gara horren zain egon, geu ere gaixotuak gaituelako haren adikzioak. Guk geure burua zaindu behar dugu, pertsona horrek bere burua zaintzeko pausoa eman edo ez". Aitortu dute taldera batzen diren guztiek pentsatu ohi dutela eurei bakarrik gertatzen zaiela gertatzen ari zaiena, baina taldera batutakoan jabetzen direla ez daudela bakarrik eta beste askori ere gertatzen zaizkiela antzeko egoerak edo okerragoak. Denek partekatzen dute min bera, eta ulerkorrago eta enpatikoago egiten ditu horrek parean dutenarekiko.
Mendaroko udaletxeko udalbatza-aretoan izango da bilkura, 18:00etan
Al-Anonen eta Alateenen saioetan protokolo bat jarraitzen dute. Lehenengo pausoa alkoholikoa gaixoa dela onartzea izan ohi da, eta, gero, gaixoa nola tratatu ikasten dute, "gorrotoa, amorrua, higuina eta antzeko sentimenduak baztertzen. Alkoholikoarekin nola hitz egin behar dugun ikasten dugu, etxeko egoera eta giroa ahalik eta ondoen kudeatzen. Azken batean, gure sentimenduak kontrolatzen ikasten dugu, eta hori pertsona horrekiko bakeak egiteko ez ezik bizitzarako ere oso irakaspen ona da", aitortu dute. Konfiantza da horretarako gakoa, eta lehen egunetik bertatik sentitu zuten hori Al-Anonen. Nork beretik hitz egin ohi du han, errespetuz, elkarri entzunez eta elkarrengandik ikasiz. Azaldu dute irakurgai batzuk izaten dituztela lantzeko, eta haien inguruan hausnartzen dutela gero. Belenek aitortu du Jainko hitza oso presente egoten dela bilkuretan, baina Jainko horrek ez duela zerikusirik erlijioarekin. "Bakoitzak nahi dugun moduan ulertzen dugu Jainkoa. Niretzat, adibidez, taldearen indarra da".
HARREMANETARAKO:
- 650 26 59 63
- info@al-anonespana.org
- Arrate taldea (Eibar). San Andres parrokiako lokaletan: Toribio Etxeberria kalea, 26. zenbakia
- Ordutegia: astelehenetan, 19:00etatik 21:00etara