Eibar Igerixan Kirol Klubaren ekimenez, datorren ekainaren 27an, larunbata, jokatuko da XII. Flysch Beltza igeri-zeharkaldi ezaguna. Irteera ordua 13:00etan izango da, Mutrikuko igerileku ondoko arrapalan; handik uretaratuta, parte-hartzaileek 3.000 metro inguruko ibilbidea egin beharko dute Debako Santiago hondartzan kokatutako helmugara iristeko. Proba osatzeko gehienezko denbora bi ordukoa izango da; hori gainditzen dutenak uretatik aterako dituzte eta probatik kanpo geratuko dira, segurtasun-neurri gisa.
Zeharkaldian adin nagusiko edonork har dezake parte, federatuta egon edo ez. Gazteagoek ere parte hartzeko aukera izango dute; betiere, gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztuta. Antolakuntzak 300 igerilaritara mugatu du parte-hartzaileen kopurua; beraz, izen-ematea garaiz egitea gomendatu dute.
Proban parte hartzeko interesa dutenek kronoak.com atarian eman beharko dute izena, ekainaren 25eko gauerdia baino lehen. Prezioari dagokionez, bi epe zehaztu dituzte: ekainaren 18ra bitartean izena ematen dutenek 35 euro ordaindu beharko dituzte; ekainaren 19tik 25era bitartean egiten dutenek, berriz, 45 euro.
Autobus-zerbitzu berezia
Ohi bezala, antolakuntzak autobus-zerbitzu berezia jarriko du parte-hartzaileen eskura, Debatik irteera-puntura joan ahal izateko. Lehen autobusa 11:15ean irtengo da Mutrikurantz, eta azkena, aldiz, 12:00etan izango da.