Maite Maiorak (Mendaro, 1980) erabat hautsi zituen iskiotibialak, izterraren atzean dagoen gihar taldea; pelbiseko iskionetatik tibiaraino doazenak (Hemen azaltzen du nola hartu zuen min). Eta, iazko abenduaren 30ean egin zioten apurtutako giharrak josteko ebakuntza. Aurrez ere eduki ditu lesio garrantzitsuak, eta horregatik bazekien horrelako egoerei nola aurre egin. Halaxe adierazi zuen ebakuntza gelatik irten berritan: "sufritzea, borrokatzea eta gogor lan egitea".
Lehiara itzultzeko Lles Xtrail mendi lasterketa aukeratu zuen, Kataluniako Pirinioetan dagoen Lles de Cerdanya herriaren inguruan jokatzen duten proba. Maiora mendi maratoiko distantzian lehiatu zen, 48 kilometroko ibilbidean, eta azkarrena izan zen emakumezkoetan.
Halere, lasterkari mendaroarrak argi utzi nahi du berea moduko lesio larri baten ostean, horrelako errekuperazio arin bat ez dela ohikoena. "Normalena da asko kostatzea lehengora itzultzea. Oso zaila da lehengo erritmoetara bueltatzea. Nire lesioa oso larria izan den arren, hainbat faktore daude errekuperazio honetan lagundu didatenak, eta dira nire konstituzioa, izugarri zaindu naizela, medikuek nirekin egin zuten lan ona eta errehabilitazio lan on bat egin dudala. Talde handi eta on bat eduki dut alboan, eta haiei esker itzuli naiz itzuli naizen moduan".
Lasterketa honetan parte hartuta, errekuperazioaren zer puntutan dagoen egiaztatu nahi zuen, zangoak nola moldatzen ziren lehenago egiten zituzten esfortzuetara. Aitortu du erritmo falta igarri zuela, eta gorantz oso ondo moldatu zen arren, aldapa beheretan tentu handiarekin ibili dela. "Berriro min hartzea saihestu nahi nuen edozeren gainetik. Horrek hondoratuko nindukeen-eta. 46 urterekin lehiatzen jarraitu ahal izatea da nire asmo nagusia", azaldu du. Gorputzak ondo erantzun diola ikusi du eta poliki-poliki lehietara itzultzea da bere asmoa.
Lles Xtrail lasterketako ibilbidea gogorra bezain polita dela azaldu du Maiorak, eta dioenez, lasterketa egunean mendian korrika egiteko egun oso ona eduki zuten. "Paraje oso alpinoetatik pasatzen zen ibilbidea, ia beti 2.500 metrotatik gora eta 2.900 metrora arte ere igo ginen. Bi igoera gogor zeuden eta mendi-gandorretik ere igaro ginen. Niretzako modukoa zen. Gainera, Iosuk (Juaristi) ere hartu zuen parte estreinako aldiz horrelako proba batean, eta biok bete genituen geure buruei jarritako helburuak. Ez dago gehiago eskatzerik asteburuari, bete-betea izan zen".