Iñaki Goikoetxeak Eibarrekin duen kontratua luzatu du beste denboraldi baterako

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 9a

Talde armaginak F Ligan jarraitzea lortu du, eta taldea entrenatzen jarraituko du Iñaki Goikoetxea debarrak, kontratua automatikoki berritzeko klausula aktibatu ondoren.

Izan ere, mailari eutsiz gero, kontratua denboraldi bat gehiagoz automatikoki berritzeko klausula adostuta zuten entrenatzaileak eta klubak. Honenbestez, Goikoetxeari 2027ko udara arte berritu diote kontratua. Debako entrenatzaileak taldea berreraikitzen egindako lana eta jokalari gazteen alde egin duen apustua balioan jarri eta goraipatu ditu SD Eibar kirol-taldeak. "Zailtasunak zailtasun, Eibarrek F Ligan laugarren urtez jarraian egotea ziurtatzea lortu du", adierazi dute klubeko arduradunek.

Goikoetxeak berak mailari eustea zela denboraldirako helburua azaldu zion BARRENAri, denboraldi erdi aldera eskainitako elkarrizketan, eta lortu zuten helburua betetzea, sufrituta izan bada ere. 

Eibarko emakumezkoen lehen taldea uztailaren 13an itzuliko da hurrengo denboraldia prestatzeko entrenamenduetara. Goikoetxea hasieratik su eta ke ibili beharko da lanean, berriro ere taldea berreraiki beharko baitu, zenbait jokalari lotu dituzten arren (Adela Rico, Sara Martin edo Mireia Masegur), taldea lagako baitute beste batzuek, arrazoi desberdinak tarteko. Besteak beste, Eunate Astralaga, Amaia Iribarren, Garazi Facila eta Emma Moreno dira taldea lagako duten jokalarietako batzuek. Orain arte taldeko kapitaina izan den Arene Altonaga leioarrak lagako duen hutsunea ere handia izango da, zortzi urte eman baititu Eibarren.