Bihar, larunbata, hasiko da aurtengo hondartza-denboraldia Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 12a

Irailaren 13ra arte iraungo du denboraldiak, Deban nahiz Mutrikun. Gipuzkoako kostaldeko udalek Jasangarritasun Sailak bideratutako 1,7 milioi euroko laguntza jasoko dute aurten, udan hondartzen kudeaketa integrala egiten laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Orion inauguratu du 2026ko hondartza-denboraldia. Ekitaldia astelehenean egin zuten, eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta lurraldeko kostaldeko udalerrietako ordezkariak izan ziren bertan; tartean ziren Alazne Txurruka eta Ainhize Azpiazu ere, Debako eta Mutrikuko alkateak, hurrenez hurren.  

Denboraldia bihar, ekainak 13, hasiko da Deban, Mutrikun, Hondarribian, Getarian eta Zumaian, eta irailaren 13ra arte iraungo du. Orion, aldiz, ekainaren 15etik irailaren 15era izango da; eta Zarautzen hilaren 1ean hasi zen eta irailaren 15era arte iraungo du.

Jose Ignacio Asensiok nabarmendu zuenez, "hondartzak lurraldeko espazio natural eta bizikidetza-espazio baliotsuenetako bat dira. Espazio seguru, irisgarri eta jasangarriak izaten jarraitzea nahi dugu, pertsonen gozamena ingurunearekiko errespetuaren eskutik joan dadin beti". Era berean, hauxe gehitu zuen: "Inaugurazio hau Ozeanoen Munduko Egunean ospatzeak gogorarazten digu gure itsasoen babesa gure hondartzetan ere hasten dela, biodibertsitatea kontserbatzen eta itsas inguruneko hondakinen inpaktua murrizten laguntzen duten eguneroko keinu txikien bidez".

Guztira, 4,1 milioi euro aurten

Denboraldiaren hasiera ofiziala Jasangarritasun Departamentuak 1,7 milioi euroko dirulaguntza-lerro bat aktibatu ondoren iritsi da, kostaldeko udalei uda-garaian hondartzen kudeaketa integrala egiten laguntzeko. Adierazi dutenez, guztira, 2026an 4,1 milioi euro bideratu dituzte hondartzen kudeaketara. Zuzkidura horrek iaz bideratutako baliabideak "bikoiztea baino gehiago" dakar, eta Hondartzen Mahaian lortutako akordioaren esparruan udalerriekin hartutako konpromisoa berresten du.

"Hondartzak ondare komuna dira, eta horiek kudeatzeko erakundeen erantzunkidetasuna behar da. Ahalegin ekonomiko horrekin, udalerri guztiek kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko eta itsasertzaren segurtasuna, irisgarritasuna eta jasangarritasuna indartzeko behar adina baliabide izatea bermatzen dugu", adierazi zuen Asensiok.

204.403,13 euro Debako Udalari

Debako Udal Gobernuak azaldu duenez, Aldundiarekin lortutako akordioak sorospen eta zaintza zerbitzuen kudeaketa zentralizatua jasotzen du, Aldundiaren Erosketa Zentroaren bidez: "Horri esker, kontratazio eraginkorragoa eta koordinatuagoa egingo da, Gipuzkoako hondartzetako zerbitzuen kalitatea ziurtatzeko". Aldundiak funtsezko zerbitzuen kostuak bere gain hartuta Debak eta beste udalerri batzuek aurrezpen ekonomiko nabarmena izango dutela gogorarazi dute: "Guztira, 204.403,13 euroko dirulaguntza jasoko dugu hondartzako zerbitzuak finantzatzeko".

Ohiko zerbitzuak egongo dira erabilgarri Santiago eta Lapari hondartzetan

Alkatearen esanetan, lankidetzak hondartzako zerbitzuak "kalitatezkoak eta egonkorrak izaten jarraitzea bermatzen du, kostua udalerriari bakarrik egokitu gabe. Horri esker, baliabide publikoak modu arduratsuan kudeatu ahal izango dira".

Bada, bihartik aurrera egongo dira erabilgarri Santiago eta Lapari hondartzetako ohiko zerbitzuak: toldoak, dutxak, sorospen zerbitzua, bainu egokituak eta aldagelak, besteak beste. Horiek modu egokian erabiltzeko eta erabilera arauak errespetatzeko eskatu diete herritarrei.