"Une batean irabazle aukeratu behar nindutela pentsatu nuen, eszenatokian ezin hobeto moldatu nintzela uste baitut. Prestatuta eta pentsatuta neraman moduan irten zitzaidan nire ariketa, baina, txapeldunorde izatearekin konformatu behar, ez dago besterik", adierazi du kulturista elgoibartarrak. Edonola ere, lortutako emaitza honekin eta aurreko asteetan Valentzian eta Riminin jokatutako txapelketetan lortutakoekin "oso pozik" dagoela adierazi du, batik bat pozik dago Belgikako Europako Txapelketara aurkeztu duen gorpuzkerarekin. "Nire bizitzako fisikorik onena, momentuz...", dio.
Atsedenik ez; munduko txapelketa gogoan
Rodriguezek ez du atseden hartzeko asmorik. Denboraldia Europako Txapelketarekin amaitu bada ere, aste honetan bertan hasiko ditu denboraldi berrirako prestaketak. "Nire entrenatzailea den Ione Gonzalezek esan dit ez dagoela atseden hartzeko astirik. Lehiaketa osteko errendimendu-errebotea aprobetxatu behar dugula esan dit, eta asmo horretan, gorputzari kalitatezko kilo batzuk sartu nahi dizkiogu, estimulu berriak emanez eta berehala lanean hasiz". Izan ere, munduko txapelketa du begiz jota. Aurrez, baina, Espainiako txapelketan lehiatu beharko du, munduko txapelketarako sailkapena lortzeko. Espainiako txapelketa Kordoban jokatuko dute, urriaren 10etik 12ra.
Munduko Txapelketa (Physique Mania Worl Championships) Espainian jokatuko dute aurten, hain justu ere, Salamancan, urriaren bukaeran. Rodriguez iaz ere lehiatu zen Munduko Kulturismo Natural Txapelketan, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak); eta bosgarren postua eskuratu zuen. Aurtengoa etxetik gertuago izango denez, han egon nahi du kulturista elgoibartarrak.



