Eibarren egin dute topaketa Debabarreneko eragileek, eskualdea klima aldaketara egokitzeko, eta prozesuak klima-egokitzapenerako ekintza zehatz bat definitzea du helburu.
Jardunaldian aurkeztutako diagnostikoaren arabera, "Debabarrena klima-arrisku gero
eta handiagoen testuinguruan dago", batez ere tenperaturen igoerarekin eta prezipitazioen irregulartasun handiagoarekin lotuta. Azaldu dutenez, inpaktu garrantzitsuenen artean daude bero-boladen eta gau tropikalen gorakada, bai eta lehorte luzeko aldien eta euri-jasen arteko txandakatzeak ere. Konbinazio horrek uholde-arriskua, mendi-hegalen higadura eta balizko lur-luiziak areagotzen dituela azaldu zuten, eta, gainera, presio handiagoa sortzen duela ekosistemetan eta lurzoruaren erabileretan.
Azterketak, halaber, itsas mailaren igoeraren bilakaera ere jasotzen du: Arnoko KBEaren kasuan, kalteberatasun handia dago klima-aldaketaren ondorioen aurrean, eta adituen arabera, horrek agerian uzten du eskualdean ingurumen-balio handiena duten naturaguneen sentsibilitatea.
Debabarreneko batez besteko arriskua maila ertain-baxuetan badago ere, azterketak lehorteari eta horrek hainbat eremutan dituen ondorio metatuei lotutako inpaktu garrantzitsuak identifikatzen dituela gaineratu dute. Testuinguru horretan, baso-suteen arriskua da erronka nagusietako bat, gaur egun kalteberatasun handia baitu basogintza-sektorean, eta goranzko joera etorkizuneko agertokietan.
Topaketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima Klima Aldaketaren Fundazioak sustatu dute, udalekin eta eskualdeko eragileekin lankidetzan, eta Debabarreneko erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren arloko larogei bat ordezkari bildu ziren, lan-eremu partekatu batean, eskualdeko klima-diagnostikoak bateratzeko eta jarduteko lehentasunezko eremuak identifikatzeko, egokitzeko gaitasuna indartze aldera. Bertaratutakoen artean daude Eibar, Deba, Elgoibar, Mutriku, Mendaro eta Soraluzeko Udalak, Debegesa eskualdeko garapen agentzia, Armeria Eskola, BPTD enpresa elkartea, Nagusilan, Gurutze Gorria, Deba Bailarako Industrialdea, Debabarreneko Landa Garapenerako DEBEMEN elkartea, Egoaizia GKEa, Eibarko Baso Biziak, IMH Campus, Morkaiko Mendizale Elkartea, Eibar Kirol Elkartea, Urkizu erretiratuen etxea, Armeria Eskolako ikasle ohiak, Urko Tronik eta Goi-Argi Elkartea.




