Alerta gorria aktibatu dute gaur eguerditik aurrera

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 22a

Soraluzeko hiru termometro atzo; Kalebarrenekoa 15:30ean, oraindik erdi gerizpetan, eta Gabolatseko etxe bateko bi, bata eguzkitan eta bestea gerizpetan.

Atzo, domekako alerta laranja, gaur, alarma gorri bihurtuko da 12:00etatik 20:00ak arte, Eusko Jaurlaritzak hala aktibatuta. Euskalmetek 40 gradura arteko tenperatura maximoak aurreikusi ditu lurralde osoan.  Jaurlaritzak ohartarazi duenez, kostaldean 37 graduko tenperaturak neur daitezke. Gainera, alerta gorria bukatzean, alerta laranjak indarrean segituko du tenperatura altu iraunkorrengatik, 00:00eatik 24:00etara.

Atzo, bero saparekin eta alerta laranja indarrean zela bukatu genuen astea eta halaxe hasi dugu oraingo hau. Gainera, aurreikuspena da okerrera egingo duela datozen orduotan. Izan ere, 12:00etatik 20:00ak bitartean, alerta laranja mailaz igo eta gorri izatera pasatuko da.

Eta hura bukatzean, arnasaldi txikia datorkigu, bihar, martitzena ere, alerta laranja indarrean izango baita, tenperatura altu iraunkorrengatik. Eta Euskalmeten aurreikuspenen arabera, datozen egunetan ere ez du asko freskatuko.

Kaleko termometro bat  atzo arratsaldean Elgoibarren.

Gomendioak

Egoera horren aurrean, honako gomendioak helarazi dut Eusko Jaurlaritzak:

Aire zabaleko berotik babestea

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

  • Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
  • Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
  • Haizagailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
  • Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Laneko arriskuen prebentzioa

  • Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
  • Etengabe hidratatzea.
  • Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
  • Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
  • Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.