Gaur eguerditik alarma gorrian gaude muturreko tenperaturengatik, eta, arratsaldean jakinarazi duenez, alarma gorria eguaztenera arte luzatu du Eusko Jaurlaritzak.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar eta etzi, Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara egongo dira indarrean alarma gorri hori. Eremu horietan, tenperatura maximoak 40 ºC-ra iritsi edo horren ingurukoak izan daitezke eguneko erdiko orduetan.
Itsasertzean, alerta laranja
Asteartean, ekainak 23, tenperatura maximoak 40 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Itsasertzean, berriz, alerta laranja aktibatuko da muturreko tenperatura altuengatik, 12:00etatik 18:00etara, eta kostaldean maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke.
Etzi antzera
Asteazkenean, ekainak 24, alarma gorria mantenduko da muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 40 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, eta 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean.
Kostaldean, berriz, alerta laranja indarrean egongo da 12:00etatik 18:00etara, eta maximoak 36 ºC-ra irits daitezke.
Egoera hori aintzat hartuta, ari dira aldaketak iragartzen zerbitzuetan zein egunotarako aurreikusitako ospakizunetan.
Haurreskolak, erretena…
Zerbitzuei dagokienez, Haurreskolen partzuergotik jakinarazi dute muturreko egoera hau aldatzen ez den bitartean, 13:00etan itxiko dituztela zentroak, “hezitzaileen eta bereziki haurren osasuna eta segurtasuna zaintzeko helburuz”.
Bestelakoen artean, Debako Udalak jakinarazi du gaur arratsaldeko erreten-zerbitzua berttan behera geratzen dela eta beraz, gaur arratsaldean ez direla hondartzetako zakarrontziak hustuko. Hori bai, gaineratu du edozein larrialdi artatzeko zaintaldeko telefonoa martxan egongo dela.
Osterantzean, ospakizunei dagokienez, hainbat udalek datozen orduotan edo bihar goizean erabakiko dute zer egin Sanjuan suekin eta haien bueltako ospakizunekin.
Su bako ospakizunak
Adibidez, Debako Udalak dagoeneko ohartarazi du hondartzan sua egitea debekatuta egongo dela, eta esan baloratzen ari direla biharko suarekin zer egin. Edozein modutan, aditzera eman dutenez, dantzak, erromeria, trikitilariak eta txistulariak bai egongo dira.
Mendaron, berriz, In Leike kultur elkartetik jakinarazi berri dute ez dutela bihar San Joan surik piztuko. Hala ere, zehaztu dute suaren bueltan egin ohi duten Akelarrea mantendu egingo dutela eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Bestalde, Eibarren, EtaKitto agerkariak jakinarazi duenez, Sanjuanetan dagoen Eibarko Udalak bertan behera utzi ditu 20:00etara bitartean aurreikusitako jarduera guztiak, eta Txaltxa Zelaiko barrakak ere itxita egongo dira tarte horretan.
Udalak erabaki du ere ekainaren 24ko su artifizialen ikuskizuna bertan behera lagatzea, eta aztergai du hurrengo egunekoa. Eta aztergai dute ere, zer egin umeen danborradarekin.
Gaineratu dutenez, jaien hasiera instituzionala aurreratu egingo da eta besteak beste, udalbatzaren harrera, pregoia eta txupinazoaren jaurtiketa 12:30 inguruan izango dira, hasieran aurreikusitakoa baino ordubete lehenago.
Era berean, Jaixak Herrixak Herrixandako batzordearen herri bazkaria, Untzagan beharrean, Mogel Isasin egingo da.