Idoia Nogales izan da azkarrena Markina-Xemeingo krosean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 29a

Markina-Xemeingo Karmen jaien barruan jokatu zuten, joan den zapatuan, Aringa-Aringa Kirol Klubak antolatzen duen krosa.

Bakarka nahiz mistoan aritzeko aukera zegoen eta 7,5 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten saltakariek. Emakumezkoetan Mintxeta Atletismo Taldeko kidea den Idoia Nogales Alberdi izan zen azkarrena, 29 minutu eta 42 segundoko denbora eginda. Sailkapen nagusiko 13. postuan helmugaratu zen korrikalari debarra. Sara Aldazabal markinarra sailkatu zen emakumezkoen bigarren postuan (35:37) eta Maria Amundarain zumaiarra sailkatu zen hirugarren postuan (37:03).

Gizonezkoetan Youness Assehli igorretarra gailendu zen 24 minutu eta 43 segundoko denborarekin, 3 segundoko aldea aterata Koldo Ayesta gasteiztarrari; eta, 34 segundoko aldea hirugarren postua lortu zuen Jon De La Cuesta beasaindarrari.