Azken egunetako prezipitazioek eragindako uraren kalitatearen behin-behineko arazoak direla eta, Osasun Sailak gaur (ekainaren 30ean) bainua hartzea debekatu du Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat hondartzatan; tartean, Debako eta Mutrikuko hondartzetan. Jaurlaritzak, prebentzio-neurri gisa, hondartza horietan ez bainatzeko gomendioa egin du behin-behinean. Segurtasun-neurri gisa, bandera gorria jarri dute hondartza horietan; beraz, bainurik ez hartzea eta uretako bestelako jarduerarik ez egitea aholkatu dute, uraren kalitatea hobetu arte.
Era berean, uraren kutsaduraren jarraipenerako protokoloa ere aktibatu dute, eta dagozkien erakundeei jakinarazi zaie egoera: Uraren Euskal Agentziari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta udalerri bakoitzeko udalei.
Neurriak honako hondartza hauei eragiten die, egindako ur-analisien emaitzek ez dituztelako betetzen ezarritako kalitate-irizpide mikrobiologikoak:
- Gipuzkoan:
- Deba (Santiago eta Lapari)
- Mutriku (Saturraran, Ondarbeltz eta portuko hondartza)
- Zumaiako (Santiago)
- Zarautz
- Bizkaian:
- Ondarroa (Arrigorri).
- Mendexa (Karraspio).
- Lekeitio (Isuntza)
- Ea
- Barrika (Muriola).
Osasun Sailak jakinarazi duenez, uraren kalitatea egunero aztertzen jarraituko dute. Mutrikuko Saturraran eta Ondarbeltz hondartzetan eta Zumaiako Santiago hondartzan, esaterako, laginak gaur bertan (ekainaren 30ean) hartuko dituzte berriro, eta emaitzak bihar (uztailaren 1ean) egongo dira eskuragarri.
Gainerako hondartzetan, berriz, bihar (uztailaren 1ean) hartuko dituzte lagin berriak, eta emaitzak hurrengo egunean (uztailaren 2an) argitaratuko dituzte. Zentzu horretan, ostegunera arte (uztailak 2) gutxienez bainua hartzea debekatuta egongo dela nabarmendu dute Debako Udaletik. Ohartarazi dutenez, analisien emaitzen arabera erabakiko dute bainua berriro baimendu ala ez.