Angel Ibarluzeak irabazi du Bizkaiko hiru txirlo bola-joko txapelketako laugarren jardunaldia

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 1a

Angel Ibarluzea sari banaketan Barinagako txapelketan.

Joan den ekainaren 20an hasi zuten Bizkaiko Hiru Txirlo Bola-joko txapelketaren 35. ekitaldia, eta arin doa txapelketa, jada bost jardunaldi jokatu baitituzte.

Markina-Xemeingo Amallo auzoko bolatokian hasi zuten txapelketa, Mallabiako Goitan jokatu zuten bigarren jardunaldia, ekainaren 21ean, eta jardunaldi bikotza jokatu zuten ekainaren 27an: arratsaldean Berritxun, eta gauean Markina-Xemeingo Barinaga auzoko bolatokian.

Azken tiraldi horretan, Barinagakoan, Angel Ibarluzea izan zen onena. Mallabiko Goita taldearekin lehiatzen ari da bolari elgoibartarra. Lau txirlo botata lortu zuen garaipena Barinagan. Lauzirika taldeko Jose Angel Fernandez markinarra sailkatu zen bigarren postuan eta Eitza taldeko Gotzon Uranga lasturtarra hirugarrengoan.

Barinagako bolatokian jokatu zuten tiraldiko lehen sailkatuak. Antolatzaileek lagatakoa.

Bosgarren jardunaldiko emaitzak

Barinagako tiraldia jokatu eta biharamunean, domekan, jokatu zuten Bizkaiko Txapelketako bosgarren jardunaldia, Zaldibargo Eitzagako bolatokian. Han, Etor Aldaluz durangarrak eskuratu zuen garaipena, zazpi txirlo botata. Barinaga taldeko Iker Arizmendiarrieta sailkatu zen bigarren postuan, eta Santa Eufemi taldeko Anartz Esteban hirugarrengoan. Angel Ibarluzea bosgarren postuan sailkatu zen, lau txirlo botata.

Lehen bost jardunaldiak jokatu eta gero, sailkapen nagusiko goiko postuetan sailkatuta dago Ibarluzea.

Eitzagan jokatutako tiraldiko lehen sailkatuak.

 

Hamabi jardunaldi; finala urrian

Bolariek atseden hartzeko aukera izango dute datozen egunetan, seigarren jardunaldia uztailaren 19an jokatuko baitute Zaldibarreko Santa Marinako bolatokian.