Herritarrek trafikoa moztu zuten Ermuan, exijitzeko ez dadila atzeratu saihesbidearen proiektua eta trafiko astuna murrizteko plana

Ander Gomez 2026ko uztailaren 3a

Herritarrak Zubiaurreko errepide erdian, trafikoa mozteko mobilizazioan.

Gaur zortzi, Zubiaurre kaleko errepide erdian elkarretaratzea egitera eta trafikoa hogei minutuz moztera deitu zuen Saihesbidearen Aldeko Plataformak. 125 herritar batu ziren, Nahikoa da: kamioi gehiagorik ez, saihesbidea orain lelopean, eta haiekin batera izan ziren oposizioko udal-taldeetako ordezkariak –EH Bildu, Elkarrekin Ermua eta PP–. Ibilgailu astunen trafikoak gehien kaltetzen duen tarteetako bat blokeatu zuten, eta, urteetako atzerapenen ondoren, ezusteko gehiagorik ez izatea eta epeak "behingoz" betetzea eskatu zuten. 

Plataformako kideek azaldu zutenez, gaur egun onartutako planaren arabera, saihesbidea ez da 2032. urtera arte martxan jarriko. Urtiako tarteko lanak urte bukaeran hastea aurreikusten da, eta hiru urte iraungo dute; ondoren hasiko dira Kaltxangotik Goitondorainokoak, horiek ere hiru urteko epearekin. Hala izan ezean "ia egunero mobilizatzera behartuta" egongo direla ohartarazi zuten.

Saihesbidearen eraikuntzaz gain, trafiko astunaren inguruko kezka izan zen protestaren ardatzetako bat. Azken urteotan ezarritako murrizketak nabarmendu zituzten: "Lortu dugu Kaltxangotik Mallabiko herrigunera doan tartean kamioi astunak debekatzea, egun osoz, eta Kaltxangotik Goitondora doan zatian, 22:00etatik 08:00etara; duela bi urte, Bizkaia eta Gipuzkoa etorbideetan debekatzea lortu genuen".

Udalak joan den astean martxan jarritako trafiko astuna birbideratzeko seinaleen instalazioa txalotu egin zuten, baina, aldi berean, neurri hori lehenago har zitekeela salatu zuten: "Hiru urte atzera proposatu genuen, eta udalbatzak duela bederatzi hilabete onartu, aho batez; baina Uretamendiko tunelak zabaldu zirenean ezar zitekeen, 2019an". Haien esanetan, herritarren presioak eta plataformaren lanak bultzatu dituzte erakundeak mugitzera. "Badirudi mobilizatzen ez bagara gauzak ez direla egiten; horregatik, hemen jarraituko dugu".

Trafiko astunaren murrizketen harira, Mallabiko Udalak eta Goitondoko zein Urtiako industrialdeetako hamalau enpresek aurkeztutako alegazioak izan zituzten hizpide. "Normala iruditzen zaigu enpresak egoerarekin gustura ez egotea; baina, gure ustez, saihesbidea lehenbailehen egiteko exijitu beharko lioke Foru Aldundiari , guk egiten dugun bezala", adierazi zuten.

Manifestazioa egin bitartean, kamioi ilarak sortu ziren bi noranzkoetan, Frankfurt tabernatik VI. Mendeurrena kaleraino. Auto pilaketak saihesteko, trafikoa Ongaraitik desbideratu zuen Udaltzaingoak, baina horrek auzoa kolapsatu egin zuen. Plataformako ordezkariek garbi utzi nahi izan zuten bertako auzotarrei kalteak eragitea ez zela protestaren asmoa, eta euren atsekabea adierazi zuten sortutako eragozpenengatik.

Hogei minutuak igarota, bertaratutako askok protesta luzatzeko nahia adierazi zuten, baina plataformak hasiera batean adostutako denboran bukatzea adostu zuten, azkenean.