Lehen hitzordua asteazkenean (uztailak 8) izango da. Egun horretarako, Itziarko Auzo Udalak Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat txoko ezagutzeko egitaraua osatu du. Nahiz eta jarduera bereziki erretiratuei zuzenduta egon, gainerako herritarrek ere parte hartu ahal izango dutela azaldu dute.
Irteeraren prezioa 50 eurokoa da pertsonako, eta izena emateko epea gaur (uztailak 3) amaitzen da; interesa dutenek harrera bulegoan edo 943 19 92 55 telefonora deituta egin ahal izango dute.
Eguneko plangintzari dagokionez, autobusa 09:00etan abiatuko da, Kanala pareko geltokitik. Lehen geldialdia Etxeberri jatetxean egingo dute, 11:00etan hamaiketakoaz gozatzeko. Ondoren, Oteiza Museoa bisitatuko dute, eta 14:00etan, Doneztebeko Santamaria jatetxean bazkalduko dute.
Arratsaldean Guadalupeko ermitara eta Jaizkibel ingurura joango dira, eta, jarraian, Pasai Donibanera jaitsiko dira. Nahi dutenek txalupaz San Pedrora igarotzeko aukera ere izango dute. Ibilaldia amaitu ondoren hartuko dute etxerako bidea.
San Fermin jaietara
Datorren ostegunean (uztailak 9), bestalde, Arbil Elkarte Sozialekoek urtero antolatzen duten Iruñeko San Fermin jaietarako irteera egingo dute. Parte hartu nahi dutenek elkarte sozialak Berasaluze plazako egoitzan duen bulegoan eman beharko dute izena. Prezioa 55 eurokoa da pertsonako, eta autobuseko joan-etorria eta bazkaria barne hartzen ditu.
Autobusa 08:30ean aterako da, Debatik, hondartzarako sarreratik, eta 08:40an jasoko ditu Itziarko kideak. Goizean eta eguerdian festaz gozatzeko tartea izango dute, eta 15:00etan bazkaria egingo dute, Iruñeko Igeriketa Klubean. Itzulera 22:00etarako aurreikusi dute, zezenetara joan nahi dutenek ere aukera izan dezaten.