Sentsazio gazi-gozoarekin dira bueltan Besa-Geminis taldeko bi txirrindulari kadeteak. Gozoa, estatuko txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izan dutelako Euskadiko selekzioarekin eta ondo egokitu direlako ezohiko zirkuitu batera, baina gazia eman zezaketen guztia eman ezin izan dutelako. Hala ere, Euskadik bi txirrindulari sartu zituen atzo lehenengo hamarren artean: Alain Perez Rincon eta Daniel Garcia Muñoz. Enaitz Iraolagoitiak, berriz, hamabosgarren egin zuen sailkapen nagusian, lasterketa ona eginda. Bost itzuli eman behar izan zizkioten zirkuituari, 11,8 kilometroko ibilbidea osatu guztira, eta Iraolagoitiak atzetik aurrerako lasterketa egin zuen. Hamarren artean zela, baina, azkeneko itzulian erorikoa izan zuen, eta pena hori zuen mendaroarrak, horrek taldeka hirugarren egiteko aukerarik gabe utzi zituztelako. Danel Garaizabalek, berriz, hogeita bosgarren egin zuen sailkapen nagusian. Gogor hasi zen Garaizabal, eta lasterketa buruan izan zen lehenengo bi-hiru itzulietan, baina pot egin zuen gero ziurrenik bero handiaren eraginez, eta nahi baino larriago ibili zen azkeneko bi itzuliak osatzeko.
Lasterketa Guillermo Garcia Alonso (Galizia) irabazi zuen 0.54.50eko denbora eginda, eta Matorre Latorre Calvo (Aragoi) eta Gerard Stany Puigmalek (Katalunia) egin zuten bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Kadete emakumezkoetan, berriz, bigarren egin zuen Euskadi taldeko June Del Teso Olaizolak. Aipatzekoa da, baita ere, Euskadiko selekzioak infantil emakumezkoetan lortutako garaipena.