LAB sindikatutik salatzen dutenez, “duela aste asko negoziazio prozesu bat abiatu” zuten, “sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia” eskatuz; bestela esanda, Gipuzkoan zerbitzu bera eskaintzen duten langileen eskubide parekidetasuna eskatzen dute.
Soldata baxuagoak, irabazi handiak
LAB zein ELA sindikatuetatik diotenez, Bergarako eta Zarauzko IAT zerbitzuetako langileek -ITASUA enpresakoek- Gipuzkoako gainerakoek baino “133 ordu gehiago egiten dituzte lan urtean, eta 2.000 eta 5.000 euro artean gutxiago kobratzen dute”; hori horrela, uste dute egiten dituzten eskaerak ez direla neurrigabekoak.
Halaber, jakinarazi dute “zerbitzuak ematen dituen irabaziak, berriz, handiak” direla. Bi sindikatuek jakinarazi dutenez, “azken 5 urteetan, Larrauri familiak 5.000.000 euro inguruko dibidenduak izan ditu”.
LAB sindikatutik gogora ekartzen dute “jarduera berezia” dela ITASUak ematen duena, “herritar guztiak behartuta” baitaude euren “ibilgailuak aldizka ITVra azterketa teknikoa egitera”. Horregatik diote “interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko dituela”.
"Interes publikoa"
ELA eta LAB sindikatuek, biek salatu dute enpresak “benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi du”; ildo horretan, salatzen dute Gasteizko hiru ordezkarirekin “eraginkortasun mugatuko akordioa” sinatu izana; eta hura baliatu izana “negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko".
Diotenez, “akordio hori ez da ITASUAko langile guztien ordezkaritzarekin adostu, eta ez du gatazka honi irtenbide orokorrik ematen”. Horrexegatik eskatzen dute “langileen gehiengoaren ordezkariekin negoziatzera itzul dadila, eta benetako akordio baten aldeko urratsak eman ditzala”; bien bitartean, greban jarraituko dutela adierazi dute.
Hiru greba egun eginda
Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran dagoeneko egin zituzten hiru greba egun. Langileen ordezkariek adierazi dutenez “enpresaren jarrerak langileen erabakia are gehiago indartu” du. Hori horrela, berretsi dute “enpresa hitzarmen propioa lortu arte mobilizazioekin jarraituko” dutela.