Debabarrenan biohondakina biltzeko sistemak "bilakaera positiboa" izan duela jakinarazi du Mankomunitateak, laginen azterketa egin eta gero

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 15a

Debabarrenako Mankomunitateak eskualdean jasotako hondakin organikoen laginak aztertu ditu Epelen eginiko karakterizazioan, eta emaitzen balorazio "positiboa" egin du. Eibarren, Elgoibarren, Deban eta Mutrikun aztertutako laginek %96,76 eta %98,84 arteko frakzio konpostagarria erakusten dute.

Sortzen ditugun hondakinen konposizioa eta kopurua zehazteko eta aztertzeko prozesuari deitzen diote karakterizazioa. Horri esker, jakiten da zaborretara zer botatzen dugun eta ea ondo sailkatzen ari garen. Kasu honetan, ondakin organikoen karakterizazioa egin du Debabarreneko Mankomunitateak. Horretarako, hainbat lagun hartu dituzte, hau da, herritarrek edukiontzi marroietara botatako zabor-poltsak atera dituzte barruan zutenaren azterketa egiteko. 

Jasotako laginen karakterizazioa Epelen egin zuten, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Legazpian duen instalazioan. Apirilaren 23an eta 24an egindako lau karakterizazioen arabera, konposta egiteko materialaren ehunekoak %96tik gorakoak izan dira kasu guztietan. Zehazki, Eibarko laginek %96,76 eta %98,37 arteko frakzio konpostagarria lortu dute, Elgoibarkoek %97,91koa, eta Deba-Mutrikutik etorritakoek izan dute emaitza onena, %98,84ko material konpostagarria izatera iritsi baitira.

Hobekuntza 2022tik hona

Karakterizazioaren bidez eskuratu dituzten emaitzek biohondakina biltzeko sistemaren "bilakaera positiboa" erakusten dutela esan dute Mankomunitateko arduradunek, eta uste dute emaitza on horiek zerikusia dutela edukiontzi marroiak ixteko erabakiarekin, zehazki 2025eko martxoa eta maiatza artean edukiontzi organikoak txartel bidez erabiltzen hasi zrenetik igarri baitute hobekuntza. "Neurri horrek zuzenean lagundu du herritarrek utzitako materialaren kalitatea hobetzen eta kudeaketa-sistemaren eraginkortasuna indartzen", adierazi dute.

2022ko azaroan egin zuten azken karakterizazioko emaitzekin alderatuz gero, hobekuntza "nabarmena" dela diote. "2022ko azaroan, biohondakinentzako edukiontziak itxi aurretik, laginen arabera, desegokiak %5,40koak ziren, eta GHK-k ezarritako legezko muga (%5) gainditzen zuten. Une hartan, sistemak ez zuen indarrean zegoen arau-atalasea betetzen".

Hobekuntzak egin ondoren, errefusa, gaur egun, %1,16 eta %3,24 artekoa da aztertutako lagin guztietan. "Horrek esan nahi du hobekuntza egiturazkoa eta iraunkorra izan dela eskualdean jasotako biohondakinaren kalitateari dagokionean".

‘Poltsak arrantzatzeko’ zerbitzua, bertan behera

Materialaren kalitatea hobetzeaz gain, edukiontziak ixteari esker, ‘poltsak arrantzatzeko’ zerbitzua kontratatzeari laga ahal izan diotela ere azpimarratu dute. Beharginak edukiontziz edukiontzi ibiltzen ziren kamio txiki batean, eta muturrean gantxo bat zuen makil luze batekin ateratzen zituzten edukiontzi barrutik herritarrek konpostagarriak ez ziren poltsetan sartutako hondakinak. Okerreko erabilera konpontzeko gainkostu bat zen zerbitzu hori.