Edizio honetako berrikuntza nagusia hitzarmenaren iraupena dela azaldu dute iturriek, lehen aldiz bi urterako sinatu baita. Horrela, eskualdeko agentziei egonkortasun handiagoa eman nahi zaie proiektu estrategikoak hobeto planifikatu eta garatu ditzaten. Akordioaren arabera, agentzia bakoitzak 120.000 euro jasoko ditu guztira, urtero 60.000 euroko ekarpenarekin. Aldundiak, guztira, 1.200.000 euro bideratuko ditu.
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak nabarmendu duenez, hitzarmen horien bidez eskualdeen energia-plangintzari "sendotasuna ematen zaio, erakundeen arteko lankidetzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako eredua indartuz". Asensiok gaineratu duenez, "trantsizio energetikoa lurraldetik eta tokiko errealitate bakoitzera egokitutako konponbideekin eraiki behar da".
Eskualde bakoitzak bere proiektu espezifikoak garatuko dituela jaso du hitzarmenak. Debabarrenari dagokionez, Amagoia Paskual Debegesako gerenteak sinatu du akordioa. Debabarrenean, funts horiek herritarrei eta udalei energia-aholkularitza ematen jarraitzeko eta herri arteko joan-etorrietan mugikortasun jasangarria sustatzeko erabiliko dituzte. Beste eskualde batzuetan, berriz, enpresen deskarbonizazioa, energia-komunitateak edo klima-plan berriak landuko dituzte.