Euskal Herriko berrehun bat herritako alkate, zinegotzi eta herri erakundeetako ordezkari batu dira Bergarako Usondo parkeko zelaian, baita Nafarroako zein EAEko legebiltzarretako kideak eta hiru foru aldundietako, batzar nagusietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere.
Ekitaldi instituzionalean bi urtemuga gogoratu dituzte: batetik, uztailaren 21ean 150 urte beteko dira Espainiako Gorteek euskal lurraldeetako Foruak abolitu zituztela, eta, bestetik, 50 urte beteko dira Bergaran Alkate Mugimenduaren kideak bildu zirela.
Duela 50 urte bezala, alkateek eta instituzioetako ordezkariek oinez egin dute topaleku izan duten Usondo parkerako ibilbidea, ordena alfabetikoan eta eskuetan herrien kartela zeramatzatela.
Debabarreneko hainbat herritako EH Bilduko eta EAJko alkate eta udal ordezkarik ere parte hartu dute Bergarako ekitaldian, besteak beste, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikukoak.
Eider Mendoza Diputatu Nagusia (EAJ) eta Gorka Artola Bergarako alkatea (EH Bildu) autogobernua indartzearen alde
Ekitaldian, Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko Diputatu nagusiak hartu du hitza eta foruen deuseztea "bidegabea" izan zela adieraztearekin batera, Francoren diktadura bukaeran sortutako Alkateen Mugimenduak egindako ekarpena aitortu du. Etorkizunari begira, berriz, herri erakundeen egitekoa "indartzearen" eta autogobernua "zabaltzearen" alde egin du: "Euskal lurraldeoi dagokigu gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko".
Mendozaren ondoren, Gorka Artola Bergarako alkateak hitz egin du. Artolak adierazi du "ona" dela "kolore politiko desberdinak, ideia desberdinak" dituztenak batzea eta gaineratu du "demokraziaren aberastasuna" dela. Gogoratu du horixe izan zela, "neurri handi batean, 1976ko alkate haien mezua ere: aniztasunetik, herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea". Hain zuzen, etorkizunari begira, Artolaren esanetan "Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko" eta bide horretan, nork bere eremutik "lanean jarraitzeko konpromisoa" hartu beharra azpimarratu du.
Alkateen Mugimenduko bost partaide omendu dituzte
Hitzaldien ostean, Bergarako Alkateen Mugimenduko kide izan ziren eta bizi diren bost alkate omendu dituzte: Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia, Jose Antonio Altuna Txatillo, Arrasateko alkate ohia (Gipuzkoa), Javier Errazti Eskoriatzako alkate ohia (Gipuzkoa), Luis Mari Ajuriagerra Otxandioko alkate ohia (Bizkaia) eta Ramon Lopetegi Belauntzako (Gipuzkoa) alkate ohia.
Azkenik, dantza, musika edota abesbatzen emanaldiekin osatu dute Euskal Herri osoko udal ordezkariak batu dituen ekitaldi instituzionala.
Ikus Bergarako ekitaldiaren bideo laburpena Goiena.eus-en.