Minutu bateko isilunea gorde dute Rodisan, Piriniotan hil den Xabier Astigarraga lankidearen oroitzapenez

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 27a

Rodisako langileak, minutu bateko isilunean. Langileek eurek bidalitako argazkia

Piriniotan atzo istripuz hil zen 63 urteko mendizalea, Xabier Astigarraga mutrikuarra, Rodisako langile izan da oraintsu erretiroa hartu arte, eta lankideek lanari laga eta minutu bateko isilunea gorde dute goizean, haren oroitzapenez.

Atzo goizean zabaldu zen albistea. Ordesa eta Perdido parke naturalean (Espainia) 63 urteko mendizale gipuzkoar bat hil zela, Torlako Senda de los Cazadores mendi bidean lagunekin zebilela harri batek jo, eta mendi magaletik amilduta. Lekukoen arabera, 11:00 aldera gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek Boltaña herrira eraman zuten mendizalearen gorpua helikoptero batean, eta handik Huescara gero. Ondoren zabaldu zen hildakoa mutrikuarra zela, Xabier Astigarraga, eta gaur, oraintsu arte Rodisan lankide izan dutenek, minutu bateko geldialdia egin dute enpresan, haren oroitzapenez.