WorldTourraren egutegiko hitzordu garrantzitsua da Donostiako Klasikoa, Itzuliarekin batera, eta aurten, 45. edizioa izango du. Nazioarteko txirrindularitzan klasiko handietako bat da Donostiakoa, eta lurralde osoa zeharkatuko du. 221,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek; tartean, zazpi mendate igo beharko dituzte eta 4.150 metroko desnibel positiboa gainditu. Lehenengo mailako mendate bat (Erlaitz, 443 metrokoa eta 3,8 kilometroan batez beste 10,6ko pendiza duena), bigarren mailako hiru (Urraki, Jaizkibel eta Murgil, azken hori helmugatik zortzi kilometro eskasera) eta hirugarren mailako beste hiru (Kalbario, Azkarate, Alkiza) igo beharko dituzte.
Debabarrenetik eguerdian igaroko da Klasikoa. Zumaiatik barrena sartuko da Itziarren, ondo bidean, 12:13 aldera, eta Deba igaro ondoren Mutrikurantz hartuko du, handik Kalbario gaina igotzeko. 12:30 aldera hasiko dira Kalbario mendatea igotzen, eta behin hura gaindituta, Mendarorantz hartuko du tropelak (12:42). Altzolaik pasata, Azkaraten gora abiatuko dira gero txirrindulariak, eta 12:53 alderako espero dira Azkarateko gainean, ondoren Urolan barneratzeko. IBILBIDE OSOA, HEMEN.
Izen handi asko tropelean
Izena eman dutenen behin-behineko zerrendan txirrindularitzako izen handiak daude, hala nola Giulio Ciccone Klasikoaren azken irabazlea (Lidl-Trek), aurten Frantziako Tourrean bigarren izan den Remco Evenepoel; Primoz Roglic eta Maxim Van Gils (Red Bull – Bora – Hansgrohe); Mikel Landa (Soudal Quick-Step); Julian Alaphilippe eta Marc Hirschi (Tudor Pro Cycling Team); Igor Arrieta eta Jan Christen (UAE Team Emirates); Ben Healy (EF Education – EasyPost); Felix Gall (Decathlon CMA CGMTeam); Pello Bilbao (Bahrain Victorious); Ion Izagirre eta Alex Aranburu (Cofidis); Enric Mas, Cian Uijtdebroeks eta Nairo Quintana (Movistar Team); Oscar Onley eta Thymen Arensman (Netcompany INEOS).