Jai giro ezin hobean ospatu dute gaur Itziarren Jubilatu Eguna

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 30a

81 lagun inguru elkartu dira Salegi jatetxean egin den bazkarian. Argazkiak: Ander Salegi.

Kopraixen atarian, Itziarko adinekoek hitzordu berezia izan dute gaurkoan; izan ere, jai giroa nagusi dela igaro dute Jubilatu Eguna.

Egunari Andre Mariaren santutegian emandako meza nagusiarekin ekin diote. Xabier Andonegi Debako eta Itziarko parrokoak gidatu du elizkizuna, eta, ondoren, ekitaldiko unerik hunkigarrienetako bat iritsi da: aurtengo omenduei egindako harrera eta aitortza publikoa.

Aurten, 90 urte bete dituzten edo datozen hilabeteetan beteko dituzten lau herritar izan dira omenduak: Joxe Manuel Aizpurua Agirre, Bitoriano Alberdi Aizpurua, Agustina Mendizabal Txurruka eta Karmen Urbieta Txurruka.

Hala ere, lehen biek ezin izan dute ekitaldira joan; horrenbestez, Mendizabalek eta Urbietak jaso dute komunitatearen berotasuna elizan bertan egindako ekitaldian. Une berezia izan da, Andutz Dantza Taldeko kide batek ohorezko aurreskua eskaini baitie, bertaratutakoen txalo artean.

Egurrezko pieza pertsonalizatuak

Elizatik irten ostean, ospakizunak Salegi jatetxean jarraitu du. 14:00ak inguruan eseri dira mahaiaren bueltan; guztira, 81 lagun inguruk parte hartu dute bazkarian. 16:30 aldera, Aitor Zubikarai bertsolari itziartarrak bertso batzuk kantatu dizkie bertaratutakoei, eta, jarraian, oroigarriak banatu dizkiete omenduei; Mikel San Juan Azpeitiko taillaginak egindako egurrezko pieza pertsonalizatuak izan dira opariak.

Ekitaldian erakundeetako ordezkariek ere hartu dute parte. Itziarko Auzo Udalaren izenean Xabier Laka eta Itziar Borda gerturatu dira; Debako Udalaren aldetik, berriz, Alazne Txurruka alkatea eta Aitor Riaño alkateordea izan dira. Halaber, inguruko jubilatu zein pentsiodunen elkarteak ere ordezkatuta egon dira, Itziar Diezen eta Itziar Oñederraren eskutik.

Jaiari amaiera emateko, Elaia eta Jare Izagirre ahizpa trikitilariek girotu dute arratsaldea. Itxaspeko Usarragaundi baserriko bi musikarien doinuek erromeria giroa piztu dute, eta bertaratutako askok dantzan borobildu dute Jubilatu Eguneko ospakizuna.