Premia handiaz ohartarazi eta odola ematera deitu dute Elgoibarren eta Mutrikun hilaren 7rako

Ainara Argoitia Arano 2026ko abuztuaren 4a

Urtero gertatzen da: oporraldian odol emateak %30-50 apaltzen dira, baina ospitaleetako odol premia ez da apaltzen. Beharra handia dela ohartarazi dute Debabarreneko eta Debagoieneko odol emaileen elkarteetatik eta odola ematera deitu dituzte herritarrak. Elgoibarren eta Mutrikun egingo dituzte odol ateratzeak abuztuaren 7an

Jubilatuen egoitzan egingo dituzte odol ateratzeak Elgoibarren abuztuaren 7an, 16:30etik 20:30era bitartean, eta txanda hartu behar da odola emateko: ostegunera bitartean gotatanta.eus webgunean sartuta eta, ostegunetik aurrera, telefonoz: 623 328 408.

Mutrikun ere egun berean egingo dituzte odol ateratzeak, abuztuaren 7an.  Mutrikuko kasuan ere, gotatanta.eus webgunean hartu behar da txanda asteazkena arte eta, handik aurrera, whatsappez: 696 647 916.

“Astuna gerta naiteke, baina kontu serioa da. Ospitaleetan odol premia beti da handia, baina oporraldian ikusten ari gara odola emateko txanda asko bete ezinda gabiltzala, emaileak falta ditugulako. Horregatik dei berezia egiten diegu odola emateko sasoian dauden herritar guztiei odola ematera gerturatzeko,  keinu horrek bizitzak salbatu ditzakeelako”, azpimarratu du Debabarreneko odol emaileen elkarteetako bozeramaile Alaitz Zubiaurrek. Haren esanetan, egoera bereziki da kezkagarria lau odol motaren kasuan, erreserbak hondoa jota daudelako:

O-; A-; B-; eta AB-.

Mutrikun errelebo bila ari dira elkartean

Odola ematera deitu ez ezik, elkarterako jende bila dabiltzala ere zabaldu dute Mutrikun, eta azpimarra jarri du horretan Zubiaurrek ere. Urtarriletik aurrera elkartearen arduran laguntzeko prest daudenak behar dituzte, eta boluntariorik balego, gaur egun lan hori betetzen dutenekin harremanetan jartzeko eskatu die.