Guardia Zibilak 1.000 futbol kamiseta faltsu atzeman ditu Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza 2026ko abuztuaren 22a

Guardia zubil bat Elgoibarren atzemandako futbol kamiseta faltsuekin. Irudia: Guardia Civil.

Faltsifikatutako kamisetak Madrildik Eibarrera bidalitako hamar kutxen barruan atzeman dituzte, Gipuzkoako Guardia Zibilak zehaztu duenez.

Gipuzkoako Guardia Zibilaren Patruila Fiskalak joan den martitzenean atzeman zuen bidalketa, Elgoibarren egin zuten ikuskapen batean. Jakitera eman dutenez, hainbat futbol taldetako 1.000 kamiseta topatu zituzten kutxetan, besteak beste, Real Madrid, Atletico de Madrid eta Bartzelona taldeenak, eta baita Espainiako futbol selekzioarenak ere. Sare sozialetan zabaldu dute atzemandako arropak ageri diren bideoa.
Duela egun batzuk faltsifikatutako 50 kamiseta eta 328 zapatila pare ere atzeman zituzten Donostian.

Guardia Zibilak adierazi duenez, jabetza industrialarekin lotutako balizko delituak detektatzeko egiten dituzten salgaien kontrol-lanen barruan atzeman dituzte faltsifikatutako produktuok, eta gogora ekarri du zigortua dagoela produktu mota horien merkaturatzea.

Era berean, poliziak ohartarazi du Espainiako Auzitegia Gorenak faltsifikazioen inguruko sententzia ezarri zuela 2024ko ekainean. Haren arabera, faltsututako produktuak merkaturatzea industria-jabetzaren aurkako delitua izateaz gainera, kontsiderazio hori mantendu egiten da kalitate txikiko imitazioak direnean edo baita ere kontsumitzailea faltsifikazio honen jakinaren gainean dagoenean.