Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekiak egingo dituzte urrian Zumaian

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko irailaren 1a

Geoparkeko ordezkaria Kataluniako X. Jardunaldi Irekietan. Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Urriaren 7an eta 8an Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekiak hartuko ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Egun horietan, dozenaka profesional elkartuko dira Zumaian, ondarearen interpretazioaz eta komunikazioaz hausnartzeko.

Udazken hasieran, geoparkeetako ordezkariak Zumaian bilduko dira, ondarearen, komunikazioaren, hezkuntzaren eta turismo jasangarriaren interpretazioko profesionalekin batera gogoeta egiteko nahiz esperientziak trukatzeko helburuz. 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak azaldu duenez, jardunaldi irekien edizio bakoitza geoparke desberdin batean egiten dute, eta Zumaiak izango du hamaikagarrenean harrera lanak egiteko ardura. Jardunaldi horiek Geoparkeen Sarearen esperientziak trukatzeko urteko foro nagusia dira eta, besteak beste, ondare geologikoaren kontserbazioaz, hezkuntzaz, dibulgazio zientifikoaz, gizartearen parte-hartzeaz eta garapen iraunkorraz gogoeta egiteko baliatuko dute aurtengo topaketa.

Oraindik ere ez dute urriaren 7rako eta 8rako ondu duten egitarauaren berri eman, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, programazioak interpretazioa eta komunikazioa izango ditu ardatz, "ondarea herritarrei hurbiltzeko eta geologiaren, paisaiaren, biodibertsitatearen, kulturaren eta tokiko nortasunaren arteko harreman estua balioesteko funtsezko tresna gisa ulertuta". Horretarako, hitzaldiak, esperientzia-mahaiak eta solasaldiak antolatuko dituzte, baita Geoparkea ezagutzeko landa bisitak ere.

"Lurraldea ikuspegi integratzailetik aditzeko garaian kontakizunek duten garrantziaz hausnartzeko gonbita egingo dute jardunaldiek. Ikuspegi integratzaile horretan, zientzia, historia, kultura eta geoparkeetako herritarrak elkarrekin bizi dira", nabarmendu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak.